Hara, frantsesek hautatu dute datozen bost urteetan buruzagi gisa edukiko duten lehendakaria: adinez gaztea, bankari eta ministro ohia, suhi ideala askorentzat, kontraesanez betea, beldurgarria neurri handi batean erreforma drastikoak eramango dituelako ekonomia eta sozial mailan, alderdi klasiko bat baino mugimendu heteroklitoa den En Marche!-en sortzailea, politikaren xake jokoaren taula uhertzen duela ezkerra eta eskuina olde berdinean urtuz. Makronismoaren uhinak irentsi gaitu hondarrean, ondikotz hala beharrez.
Emmanuel Macronen aukeratze aski esperatuaz gain, abstentzioaren eta boto zuriaren kopuru erraldoia da bozketa honen beste ezaugarria. Herritarren laurdena baino aise gehiago etxean geratu da maiatzaren zazpi eguzkitsu honetan edo ez du arriskurik hartu nahi izan izurria eta kolapsoaren artean. Astean zehar entzun eta irakurri dira antzeko diskurtsoak prentsan, karrikan eta autobusen anonimotasunean. Bakoitzak bere ikusmoldea eman du, demokraziaren mekanismoak olioztatuz.
Belauna biluzik azaldu zuen afixa lizunagatik, zer nahi erranik ere, hauteskundeok egiazki galdu dituen Le Pen anderearen aurkako bozka izan dela argi dago. Ez al dira funtsean hauteskunde guztiak kandidatu baten kontrakoak? Oso bekan edo behin bakarrik eman dugu –ustez…– boza boterean gustukoa genuenaren alde: 1981eko maiatzaren 10ean Mitterrand atera zen lehen. Denak oroitzen gara nola bukatu zen hamarkada hura: sozialismoak neoliberalismoari bidea ireki zion. Frantziako hauteskundeen psikodramak ez du sendagairik eta dezepzionatuak izatera kondenatuak gara.
Langileak, jende xeheak, klase ertaineko partaideak ez direnak dardarez daude gaur. Duda frankorekin joan dira bozkatzera eta hotsa eman diote beharbada azken odol xortaraino xurgatuko dituen piztia bati. 49-3 ordenantzaren larderiaz eta parlamentuen erabakien gainetik gobernatuko omen du: ez luke Frantziak xantza izan behar –Macronen lema– soilik CAC40eko nagusi eta jendarteko gutxiengo aberatsenarentzat. Herriaren ordezkariak direla aldarrikatzen jarraitzen duten politikariak, MEDEFeko arduradunak, Angela Merkel eta Jean-Claude Juncker pozik dira. Ez daiteke sobera seinale ona.
Macron Eliseora bidaliz frantsesek (Les français sont des veaux zioen De Gaulle azeriak) erakutsi dute kanpotarren eta jendarteko zati ezberdinekiko gorrotoarekin, beldur manipulatuarekin eta haserrearekin gobernatuko lukeen buruzagirik ez dutela desiratzen. Eta gaztetasunak ideia kementsuak ere ekar litzake. Ageriko ondoko hilabeteetan. Karrikan aurkituko gaitu legedia antisozialak pasarazteko xedea baldin badu.
Louvreko piramidearen maldara, ilunpean, Europako himnoa ozen, bere sostengatzaileengana hurbildu denean oinez, gure baitan aurretik ikusi irudien (eta bizituriko sentimenduen) panela inarrostea lortu du igande arratsean.
Anartean, 31 badu baina eskurik ez.