argia.eus
INPRIMATU
300.000 hiztun irabazi ditu euskarak hiru hamarkadatan, Jaurlaritzaren arabera
  • Azken 30 urteetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, horietatik 100.000 euskaltegietako helduen alfabetatzeari esker. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eman du datuen berri, asteazkenean egindako 'Poziktibity' kanpainako hirugarren bideoaren aurkezpenean, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 04a
\'Poziktibiy\' kanpainako hirugarren bideoaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Aretoan, asteazken goizean. (Arg.:Eusko Jaurlaritza)

Helduek hizkuntzak ikastearen garrantzian oinarritu du Jaurlaritzak 'Poziktibity' kanpainaren bideo berria. Reyes Pradosek eta Anne Igartiburuk hartu dute parte eta hizkuntzak ikasteko inoiz ez dela beranduegi azaldu dute. Bideoko mezua, txikitan etxean edo eskolan euskara jaso ez dutenei dago zuzenduta.

Hizkuntzak ongi ikasteko erabilera beharrezkoa dela azpimarratu du aurkezpenean Baztarrikak: “Ezinbestekoa da, erabiltzea, hitz egitea”. Hizkuntzak bizirik mantentzeko modurik egokiena dela gehitu du.

“Hizkuntzak ikastea ez da kontu erraza, baina esfortzuak merezi du. Bi hizkuntzetan behar bezala moldatzeak ematen dizun poza eta harrotasunak asko merezi du", adierazi du sailburuordeak.

Bere esperientzian oinarrituta, Pradosek gaineratu du euskara ikastea ez dela beste hizkuntza bat ikastea baino zailagoa, hori ikasten ez hasteko “aitzakia merkea” dela esan du. Euskara ikasteko, “egunero ahalegin pixka bat” egin eta aukera dagoen guztietan hitz egiten ausartu behar dela dio.

'Poziktibitiy' kanpaina

Euskararen erabilera bultzatzea helburu duen proiektua da 'Poziktibity'. Jaurlaritzaren esanetan, “positiboa eta atsegina den zerbait iradokitzen du, baita energia, poztasuna, aktibitatea, euskara bizitzeko era bat, bai eta jarrera bat ere".

Kanpainako lehen bideoa hizkuntzak ezagutu eta erabiltzearen garrantzia jorratu zuen eta Aritz Adurizek eta Imanol Agirretxek hartu zuten parte. Bigarrenean, aldiz, Aritz Aranburuk eta Hodei Collazok hartu zuten htiza, euskaraz gozatzearen mezua zabaltzeko.