argia.eus
INPRIMATU
Lesboserako 30.000 litro esne bildu ditu Zaporeakek Gipuzkoan
  • Hurrengo bilketa Gasteizen izango da martxoaren 27an, apirilaren 10ean Nafarroan egongo dira eta Bizkaian amaituko da bilketa apirilaren 24an.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 15a
Argazkia: Zaporeak

Martxoaren 13an hasi zuen Zaporeakek Hego Euskal Herrian egingo duen behi esne osoaren bilketa. Gipuzkoatik hasi dira eta bertako bilketan 30.000 litro esne bildu dira Donostia, Arrasate, Aretxabaleta, Aramaio, Antzuola, Oñati, Zarautz, Usurbil, Urretxu, Legazpi, Beasain, Legazpi, Ordizia, Astigarraga eta Tolosan. Batuko duten guztia Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamentura bidaliko dute, Greziara.

Ostegunean abiatuko da kamioia Lesbosera, batutako esnearekin batera bildutako dirua ere bidaliko da eta frutarekin batera banatuko da Kara Tepeko biztanleen artean. 7.200 lagun inguru daude kanpalekuan, horietatik 2.250 bakarrik dauden gizon nahiz emakumezkoak dira, 900 familia txiki, hiru edo lau lagun ingurukoak, eta 500 familia handi, bost lagunetik gorakoak.

Hurrengo bilketak

Hurrengo bilketa Gasteizen izango da martxoaren 27an, Gasteizko Elikagai bankuan, goizeko 10:00etatik gaueko 20:00etara. Apirilaren 10ean Nafarroan egingo da eta Bizkaian amaituko da bilketa apirilaren 24an. Lurralde bakoitzean, hiriburuez gain, hainbat udalerri atxikiko dira. Zaporeakek, irabazi asmorik gabeko elkarteak, dituen proiektuetan lagundu nahi izanez gero webgunean dago informazio guztia eskuragarri.