argia.eus
INPRIMATU
30.000 arrain eta karramarro hil dira Arabako hamasei ibaitan egondako isurketengatik
  • Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 2012 eta 2018 urteen artean emandako datuak aztertu ditu Zadorra Bizirik plataformak. 2019tik hona, ez da kasu gehiago ikertu, baina ekologistek abuztuaren 5ean Zadorran egondako isurketa bat salatu dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 18a
Hildako arrain bat, Zadorra ibaian. Argazkia: Zadorra Bizirik

Zadorra Bizirik plataformak astelehenean salatu zuen hondamendi ekologikoa. 2012 eta 2018 urteen artean egondako isurketek 30.000 arrain eta karramarro inguru hil dituzte Arabako hamasei ibaitan. Zadorra, Arakil eta Nerbioi dira kalte handienak jasan dituztenak: bost, lau eta hiru isurketa egon dira bertan, hurrenez hurren. Baia izan da hutsean gelditu den bakarra.

Plataforma herritarra Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren hainbat ikerketetan oinarritu da datuok emateko. Arrainen faunaren kudeaketari buruzko urteko txostenean, 2014 eta 2017 bitartean isurketen ondorioz hildako arrainen hainbat kasu bildu dituzte. 2019an kaleratutako beste txosten batean, ibaietako arrainen hilkortasunagatik eta isurketengatik 2012 eta 2018 urteen artean irekitako espedienteak ikertu dituzte. 

2019 eta 2021 bitarteko daturik ez badago ere, plataformak aurtengo abuztuaren 5ean Zadorran egondako isurketa bat salatu du. 2012ko uztailaren 28an eta 2015eko uztailaren 31n egondako bi kasuen antzera, ibaiaren zati berean gertatu dela azaldu dute ekologistek. Arazoa konpontzeko hartutako neurriekin ere kritiko agertu dira taldetik: “Ez dakigu isurketa hauengatik zenbat zigor espediente ireki diren, baina uste dugu ez direla asko izan”.