argia.eus
INPRIMATU
3.000 piratek abordatu dute Donostia
  • Donostiako Piraten Aste Nagusiko ekintza jendetsu eta ezagunenaren eguna zen atzokoa: abordaia. Euri apurrak ez zuen giroa zapuzterik izan, eta 3.000 bat lagunek egin zuten portutik Kontxarainoko bidea, hamaikagarren urtez.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 13a
(Argazkia: juankarh.blogspot.com) (Argazkia: juankarh.blogspot.com)

Lehenengo bi egunek utzitako nekea ahaztuta, goizean goizetik bete zen Donostiako portua. Hainbat txandatan banatuta, lagun talde bakoitzak bere barku txikia –edo ez horren txikia- eraiki zuen, Kontxako hondartzaraino eramango zituen esperantzan. Bazkarirantz abiatzeko ordua iristerako 350 bat txalupa pilatu ziren kaian; pare bat egur puska eta puzgarrirekin moldatutakoak batzuk, baina baita apaingarriz betetako eraikuntza ikusgarri bat edo beste ere.

Prestakuntza lanak amaitzean heldu zen indarrak biltzeko parada, azken urteotan Zuloagan egiten den bazkari herrikoian. 500 lagun baino gehiagok irentsi zuen paella ‘erraldoia’ sagardoak edota urak lagunduta. Alde zaharreko tabernetan kafea edo kopa hartu eta porturantz abiatu ziren piratak, lehen euri tantak erortzearekin batera.

16:30tarako jendez lepo zen Donostiako kaia. Abordaiarako prest zirenak Aquarium azpiko arrapalan pilatzen ziren bitartean, turista, senide eta enparauek estali zuten ingurua, espigoitik hasi eta Kontxako ordularietaraino.

Bostetan hasi zen eromena. Ezkila kapitainak hala baimendu bezain laster, abiada bizian abiatu ziren denak goizeko lanaldiaren emaitzaren bila. Zegokien txalupa aurkitu zutenek arruanak hartu eta portuko irteerarantz hurbildu ziren pixkanaka; topatu ezinik zebiltzanak aldiz, igerian edota besteren eskuzabaltasuna baliatuz hasi zuten bidea.

Ordubete beranduago heldu ziren azkarrenak Kontxara. Beste batzuek aldiz ia bi ordu behar izan zituzten bertara hurbiltzeko. Argazki galeria honek hitzek baino hobeto azaltzen du iristearen unea nolakoa den. Lehorreratzean, hotzikarak erasota, txalupa zaborretara eramaten lagundu eta etxeko dutxaren bila jo zuten askok. Ausartenek ostera, Bad Sound System hip-hop taldeak lagunduta egin zuten La Flamenka gunerainoko bidea. Iristean, eszenatokira igo eta piratak saltoka jartzen jarraitu zuten iruindarrek.

Atzoko egitarauari amaiera emanez, Non Servium eta Talco italiarrek girotu zuten azkenik La Flamenkako gaua.

Hasi besterik ez da egin

Bat baino gehiago akituta esnatuko da gaur, baina Piraten Aste Nagusia hasi besterik ez da egin. Kalejira ekimena izango da gaurkoan nagusi: Gasteiz, Baiona, Iruñea eta Bilboko gazteak doaz Donostira elkarren arteko jolasak egin eta Donostiako festak lehen eskutik ezagutzera, Gasteiz, Baiona eta Iruñeako elkarretaratzeei jarraipena emanez. Gauean Gose eta Kasernarat taldeek izango dute La Flamenkari doinua jartzeko ardura.

Gainontzeko egunetako egitaraua, Piraten webgunean dago ikusgai.