argia.eus
INPRIMATU
Erriberan osasungintza publikoaren aldeko mugimendua sortzen ari da
  • Nafarroako Gobernuak Tuterako Reina Sofia ospitaleko analitiken %70 Iruñean kokatutako Nafarroako Ospitalegunera bideratu nahi du.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 04a

Erriberako osasungintza publikoaren alde manifestazio jendetsua egin zuten otsailaren 22an Tuteran, Erriberako Osasungintza Publikoaren Defentsa Plataformak deituta.

Neurri horrek ez duela zerbitzuen kalitatea hobetuko adierazi dute plataformatik: “Ez dirudi diru asko aurreztuko denik ere”. Erabaki politikoa dela salatu dute herritarrek eta Marta Vera osasun kontseilariari eskatu diote azaltzea neurriak nori egiten dion mesede.

Laborategi zerbitzuen murrizketak ez dira Tuterako ospitalearen arazo bakarra. Plataformak dio Iruñeko zentro pribatuetara bideratzen dituzten kasuak geroz eta ugariagoak dira: “Reina Sofia ospitalean egin zitezkeen. Horrela denbora eta dirua aurreztuko liekete gaixoei eta haiekin batera doazenei. Oso kezkagarria da erreumatologia edota kardiologia bezalako kontsulta zehatzetan dauden itxarote-zerrenda neurrigabeak.

Erriberak arazoak ez ditu soilik osasungintza arloan. Azken urteotan zerbitzu publikoek jasandako murrizketak gogora ekarri dituzte plataformako kideek, eta UPNren gobernuari ohartarazi diote ez dituela “engainatuko”.