Hego Euskal Herrian langabezia gora doa, Espainiako Estatuko batez bestekoa baino azkarrago gainera, eta guztira 222.918 pertsona daude jada lanik gabe, joan den urtean baino 32.105 gehiago.
Hil honetan EAEko langabezia %1,78 igo da eta Espainiako Estatuan berriz %1,54. Joan den urteko datuekin alderatuz gero, %18ko igoera izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Foru Erkidegoan berriz, %13,1 igo da iazko datuarekin konparatuta. Biak ere, Espainiako Estatuko batez bestekoaren gainetik daude, %11koa baita hura.
Egoera horren aurrean LAB sindikatuak oharra kaleratu du egoera horren kausak seinalatuz. Espainiako Gobernuak egindako murrizketak eta lan erreformaren eragina antzematen du sindikatu abertzaleak eta uste du neurri horrek eragingo dituen kalterik gordinenak oraindik ikusteko daudela. Horren aurrean, LABek "euskal langile klasearen eskubideak babestuko dituen aldaketa politiko eta sozialaren" aldeko jarrera hartu du, horretarako sindikatu, alderdi eta gizarte eragileekin "fronte zabala" osatzeko dei eginez.
ELA sindikatuak berriz, galdera plazaratu du: "Noraino eraman nahi gaituzte beharrizan gehien dutenei kendu eta lobbie handiak defendatzen dituztenak mesedetzen duten politika hauekin?". Zentral sindikalak uste du "gizartearen presioarekin eta mobilizazioarekin bakarrik" lortuko dela egoerari buelta ematea.