argia.eus
INPRIMATU
3.000 errefuxiatu baino gehiago erreskatatu dituzte Siziliako kanalean asteburuan
  • Italia eta Afrika arteko itsasoan 24 erreskate operazio egin dituzte asteburuan. Horietan 3.000 errefuxiatu baino gehiago erreskatatu dituzte, eta Público egunkariaren arabera zenbaki hori haztea espero dute, erreskate gehiago egin baitituzte asteburutik hona.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 21a

Italiako Kostako Guardiak eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde hartu dute parte operazioetan, eta jasotako errefuxiatuak Augusta eta Cataniako portuetara heltzen joan dira.

Urtea hasi denetik 15.852 errefuxiatu erreskatatu dituzte inguru horretan, iazko epe berean baino %67 gehiago. Público-k jaso dituen adierazpenen arabera, Italiako Gobernuak aurreikusten du aurten 250.000 pertsona helduko direla Italiara, iaz baino 70.000 gehiago.

Urtebete bete da martxoan Turkiak eta Europako Batasunak errefuxiatuei buruzko ituna sinatu zutenetik. Greziara igarotzen diren errefuxiatuak Turkiara itzultzea adostu zuten, azken herrialde hori segurutzat izendatu baitzuten.

Ordutik asko murriztu da Turkiatik Greziara igarotzen diren pertsonen kopurua. 2015ean 857.363 pertsona igaro ziren, eta 2016an 176.906, %79 gutxiago. Aitzitik, hazi egin da Mediterraneo erdiko igarobidetik iristen diren errefuxiatuen kopurua. 2015ean 155.842 pertsonak erabili zuten ibilbide hori, eta 2016an 181.436k, %16 gehiago.

Manifestazioa Bilbon arrazakeriaren aurkako egunean

Asteartean, hilaren 21an, manifestaziora deitu du SOS Arrazakeriak Bilbon, arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna dela eta. “EBk mugak ixteko darabilen politikak, nazioarteko zuzenbidea urratzen duenak, arrazismoa eta xenofobia sendotzen ditu”, adierazi dute zabaldutako oharraren bitartez. Manifestazioa Arriaga plazatik abiatuko da 19:30ean.