Bertrand Couillens naturalistak iaz hauteman zituen haren arrastoei jarraika, azkenean ONCFSko basozainek lortu dute bideoz grabatzea: Kastorea berriro agertu da Errobi ibaian, zehazki Uztaritze inguruetan. 300 urte baino gehiago ziren alderdi horietan azkena ikusi zutenetik.
XVIII. mendean desagertu zen Euskal Herriko ibaietatik kastorea (Castor fiver), garesti ordaintzen zen haren larruazalaren bila zebiltzan ehiztariek akabatuta. Geroztik euskaldunek ez dute abere hori Ameriketako filmetan baizik ikusi.
Antza denez, 2003an Belgikako Pays de Castors talde ekologistak 18 kastore utzi zituen libre Nafarroan, Aragoi eta Ebro ibaiek bat egiten duten gunean. Geroztik pittinka zabalduz joan dira Nafarroa, Errioxa eta Arabako ibai ertzetan. Orain Lapurdin frogatu dutelarik bertara ere iritsi dela, adituek uste dute Nafarroan askatutako talde horretakoren bat izango dela Errobiraino iritsi dena.
Euskarazko Wikipediak dioenez, "Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua eta Errioxako Gobernua kastore horiek desagerrarazten saiatu dira, baina alferrik". Aldiz, France 3 Nouvelle-Aquitaine telebista publikoari ONFCSko basozainek esan diotenez, Frantzian babestutako animalia denez, ez dute pertsegituko. Hori bai, saiatuko dira berriro filmatu eta hura hurbilagotik ezagutzen. Adituon ustez, kastore bakar bat da Errobin dabilena.