Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak atzera bota ditu polizien eta guardia zibilen eskariak. Legearen xedea da “agente publikoek eragindako urraketak” kontuan hartu eta erreparatzea, beraz, poliziek ez dute lortu zirrikiturik haiek ere biktimatzat hartzeko. 1.220 eskarietatik 460 ziren polizienak, Beatriz Artolazabal sailburuak zehaztu duenez.
Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretako agenteek ez dute lortu 12/2016 legea, “Poliziaren indarkeriaren legea” deritzona, euren alde jartzea. Balorazio Batzordeak ukatu egin die Estatuko indarkeriaren biktima gisa identifikatzea poliziei. 1.220 eskaera jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 460 polizienak izan dira, ostegun honetan Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, Naiz-en arabera. Gainera, ETAren biktimen 50 eskari ere atzera bota dituzte.
Legeak dio helburua dela “motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa”. Bada, Naiz-ek abenduan aurreratu zuenez, hainbat polizia agentek lege hori “barrutik sabotatzeko” asmoa izan dute, legearen zati batek duen anbiguotasunaz probestuta.
Polizia eskatzaileek deskribatu dute indarkeria eta “eraso terroristak” jasan dituztela “ETA edo bere inguruaren aldetik”. Balorazio Batzordeak ebatzi du lege horren baitan poliziei kalte-ordainak emateak “legearen xedea diluitu” egingo lukeela.