argia.eus
INPRIMATU
300 pertsona Mauleko jendarmeria aurrean Barkoxeko baserritarra sostengatzen
  • ELB sindikatuak deiturik, ostiraleko bazkalondoan Mauleko jendarmeriaren aurreanhiru ziento herritarrek laguntza handia eman diote hegaztien gripea dela eta bere ahate sanoak hiltzeko aginduari aurre egin zion baserritarrari, Barkoxeko Uhartia etxaldeko Cathy Xabalgoitiri.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko abenduaren 18a
Herritarrak ahate haztegi txiki bat daukan Cathy Xabalgoiti barkoxtarra defenditzen. (Argazkia: De Prada) Herritarrak ahate haztegi txiki bat daukan Cathy Xabalgoiti barkoxtarra defenditzen. (Argazkia: De Prada)

Joan den apirilean poliziak saiatu ziren Gabadi eta Domintxinen bezala Barkoxeko baserri honetan ere sartzen, hegaztien gripea dela eta agintariek erabakitako ahate hiltze masiboa egiteko. Beren ahateak sano daudela demostratuz agindua betetzea errefusatu zuten hiru baserritarrek aurre egin zieten poliziei, orduan ere zientoka laborari, agintari eta orotako herritarrek lagunduta. Geroztik, ordezkari sindikalek agintariekin hala moduzko irtenbide bat negoziatu arre, administrazioak presio egiten jarraitzen du hiru abeltzainoi: urrian Bidaxunen kriaxera arrazako ahatekumeak ugaltzen dituen laboraria ordu luzez galdekatu zuten Bastidako jendarmerian, haren sostenguan hurbildutako jendeen haserre artea. 

Iparraldeko ahate hazle txikiek, eta oro har Frantzia osokoek, behin eta berriro salatu dute hegaztien gripea haztegi handi industrialetan antolatutako produkzio ereduak eragindako fenomenoa dela eta teknikarien laguntzaz erakutsi dute ahatekumeak sortuz geroztik hiltzera arteko prozesu osoa, elikagai gehienak etxean ekoiztea barne, lekuan bertan egiten duten haztegietan ahateen osasuna ondo kontrolatua dela. Administrazioak, hala ere, segitzen du ahate guztiak hiltzeko agindu orokorra bete ez zuten baserritarrak pertsegitzen. Mauleko jendarmerian konbokatutako Cathy Xabalgoitiren galdeketa izan da azken adibidea, polizi-etxearen atarian bildutako herritarrek gogor salatu dutena.

Frantziako telebista publikoak erreportai labur honetan Mauleko alkate Michel Etxebestek azaldu duenez, laborarien sostenguan parte hartu duten agintariek ere jasan dute Pariskoen errepresioa, bidean zeuzkaten diru-laguntzak etenez, esaterako.