argia.eus
INPRIMATU
300 etxegabe baino gehiagok kale gorrian egiten dute lo Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian
  • Donostian etxegabe bat zendu izanak agerian utzi du berriro ere kalean bizi diren pertsonen errealitate gordina. Aterperik ez, eta askok gaua banku, eraikin abandonatu eta bestelako zokoetan igarotzea beste erremediorik ez dute izaten.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 22a
Euskal Herrian 3.000 etxegabe baino gehiago daude, eta horietatik askok gauak kalean igarotzen dituzte. (Arg: Gorka Rubio)

Euskal Herrian 3.000 etxegabetik gora daude, eta horietatik gehienek gauak aterpetxeetan pasatzen dituzten arren, beste askok kale gorrian egiten du lo.

2014ko urriaren 14tik 15erako gauean egindako zenbaketa batean 323 etxegabe topatu zituzten kalean lotan Araban (20), Bizkaian (175) eta Gipuzkoan (128). Neurketan parte hartu zuen Raquel Sanz soziologoaren arabera, kopuruak handiagoak izan daitezke, beraiek soilik aurrez aurre ikusitakoak zenbatu baitzituzten. Orotara 323 eta 633 artean izan daitezkeela azaldu du.

Hiriburuei erreparatuta, aipaturiko neurketan Bilbon 141 etxegabe topatu zituzten, Donostian 89, eta Gasteizen 17. Iruñearen kasuan, bertako aterpetxeko arduradun Ruben Unanuaren esanetan zazpi eta hamar pertsona artean leudeke gauak kalean igarotzen. Hauei errumaniarren kanpalekuetan lo egiten dutenak gehitu beharko litzaizkieke. 

1.500 etxegabe inguru EAEko aterpetxeetan

Neurketa berean 1513 etxegabe topatu zituzten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako aterpetxeetan. Horietatik 595ek (%39,3) Bilboko aterpetxeetan hartu zuten ostatu, Donostikoetan 350ek (%23,1) eta Gasteizkoetan 277k (%18,3). Alegia, %80k hiriburuetako aterpe zerbitzuetan egin zuen lo.

Nafarroan ez dago zenbaketa zehatzik eginda, baina aterpetxeetan orotara  200-300 etxegabe inguruk egiten dutela lo kalkulatzen da. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2014an Atherba elkarteak 2.400 laguntza eskaera jaso zituen, horietatik gehienak urgentziazkoak.