argia.eus
INPRIMATU
300 bat lagun batu dira Ziburun hildako etorkinen oroimenez eta migraziorako “bide seguruak” galdetzeko
  • Urriaren 12an Ziburun trenak atzemandako lau lagunetatik bakarra atera da bizirik. Polizia judizialari zehaztu dio poliziaren kontrolak saihesteko zirela trenbidean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urriaren 14a
Elkarretaratzea Donibane-Lohizuneko geltoki aitzinean (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

Europak etorkinei begira daraman politikaren emaitza izan zen urriaren 12an Ziburun gertatu istripua: poliziaren kontrolak saihesteko zebiltzan lau aljeriar gazteek trenbidean, eta bideak eta biziak eragindako nekea dela eta lokartu ziren bertan. Trenak atzemanik hiru zendu dira eta bakarra atera da bizirik. Azken honek hitz egin du polizia judizialarekin eta horrela jakin da bertan egotearen zergati hau.

Hildako hiru gazteen oroimenez 300 bat lagun batu ziren atzo Donibane Lohizuneko geltokiaren aitzinean, beste behin ere migrazio politika justuago eta irekiago bat eskatuz instituzioei. Etorkinen eskubideen alde lanean dabiltzan eragileez gain –Irungo Harrera Sarea, Etorkinekin, Diakite, Cimade–, beste hainbat egiturek deitu zuten protestara, tartean, EH Bai, CGT, LAB eta Europe Ecologie. Poliziak ezarritako kontrolek etorkinentzako bideak "arriskutsuago eta karioago" bilakatzen dituztela salatu zuten bertatik.

Istripuaren egunean berean zehaztu zuen Baionako prokuradoreak hildakoak 21 eta 40 urte arteko aljerriarak direla. Elkarretaratze bukaeran, lore eskaintza bideratu zieten trenak harrapaturik hildako hiruei, hamarnaka lore metatuz geltokiaren sarreran.

Polizia saihesteko, bizia arriskatu beharra

Guztia utzirik Europara sartu behar dutenen bidea oztopoz betea da, eta ia sarbide guziak dituzte hetsirik. Azken urteetan, Irun eta Hendaia arteko bidea bilakatu da sarbide nagusi Frantziara ala honen inguruko herrietara iritsi nahi dutenentzat. Urtero 7.000 migrante inguru heltzen dira Ipar Euskal Herrira –Baionako Pausa zentrotik hilabetero 600 bat etorkin pasatzen dira–. Muga administratiboa hetsirik izanik, une oro dago bertan poliziaren kontrola. Hori horrela, bide arriskutsuak hartu beharrean dira etorkinak.

"Euskal Herria harrera herria, ongi etorri errefuxiatuak" oihu artean bukatu zen elkarretaratzea, lore eskaintza eginez hildako hiru etorkinei.