argia.eus
INPRIMATU
Arrapitz federazioa
30 urte laborari txikien eredua defendatzen
  • 30 urte beteko ditu datorren urtean Ipar Euskal Herriko Arrapitz Federazioak. “Sortu ginen garaian departamendu mailako laborantza ganbara zegoen bakarrik, eta ondoan baginen laborantzako garapena beste molde batez ikusten genuenak”, gogoratu ditu hastapenak Pantxika Maitia federazioko lehendakariak. Paueko laborantza ganbarak erantzuten ez zien eskaerei bide emateko, laborari eta abeltzain txikien sei elkarte batu eta Arrapitz Federazioa sortu zuten 1991n. Geroztik ibilbide oparoa izan du proiektuak, eta laborari txikien erreferente bilakatu da eskualdean, 19 elkarte batuz bere barnean.

Garazi Zabaleta 2020ko irailaren 17a

Laborantza ulertzeko eta egiteko bi modu kontrajarriren adibide izan zen Arrapitzen sorrera: “Gu etxalde txikietakoak ginen, laborarien geroa beste molde batez pentsatzen genuen”. Departamendu mailako Paueko ganberak laborantza industrialagoaren aldeko apustua egina zuen, eta horren aurrean bestelako eredu baten alde egitea zen Arrapitzeko elkarteen helburua. “Pauerat joan ginen diru-laguntzak-eta galdegitera, eta zuzendaria gutaz trufatu zen: ‘Bide bazterreko saltzaile horiek lagundu nahi dituzue? Horiek ez dute gerorik!’, esaten zigun hark”.

Gaur da eguna departamenduan instalatzen diren laborarien erdiak etxe ekoizpenean instalatzen direna, etxalde txiki eta ertainetan. Hogei urte baino gehiago behar izan dira federazioak hastapenetik defendatu duen eredua posible ezezik, laborariei eta mendi eskualdeko bizitzari begira egokiena dela erakusteko. “Hogei urtez goiti behar izan da hori ikusteko, baina denborak arrazoina eman digu”.

Laborariek laborarientzat sortutako tresna

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorrerarekin, Federazioa bertara batu eta desagertu edo bere ibilbidearekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu behar izan zuten kideek. “Gure elkarteak ez zuen ardatz sindikalik, ikusmolde ezberdinak zeuden zentzu horretan, eta horregatik erabaki genuen EHLGrekin lan egitea baina gure bidea segitzea”. Arrapitz federazioa, laborariek euren beharrei erantzuteko sortutako tresna bat dela dio lehendakariak: federazioko batzuk sindikatzen dira, eta beste batzuk ez. Hiru alorretan egiten du lan federazioak: instalazio eta transmisioan, formakuntzan eta laguntzan, eta bertako produktuak sustatzen.

Elkarte kideen artean daude Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea, Biozkaria, Biharko Lurraren Elkartea, Buru Beltza Elkartea, EHKOlektiboa, Euskal Herriko Artzainak, Lurzaindia, Kintoa Euskal Txerria, Sagartzea Elkartea, Irulegiko Arnoen eta Ezpeletako Biperren sormarkak, eta beste hainbat. Horien guztien koordinazioa eta komunikazioa eramateko bi langile dituzte lanaldi erdian kontratatuta Arrapitzen.