argia.eus
INPRIMATU
30 urte kartzelan bete dituzte Jakes Esnal, Frederic Xistor Haranburu, Unai Parot eta Ion Kepa Parot lapurtarrek
  • 1990eko apirilaren 2an Unai Parot atxilotu zuen Guardia Zibilak. Apirilaren 4an eta 5ean Esnal, Haranburu, Ion Kepa Parot eta beste hamahiru pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herrian.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 05
Lau lapurtarren askatasuna aldarrikatuz Baionan eginiko manifestazio jendetsua, 2018ko ekainean. Argazkia: Enbata.info.

Unai Parot autoan lehergailuak zeramatzala atxilotu zuen Sevillan (Espainiako Estatua) Guardia Zibilak. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. Inkomunikazio aldian egindako adierazpenak izan ziren, hain zuzen ere, gainontzeko atxilotuen aurkako froga nagusia haien aurkako epaiketan. Polizia indarrek ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zieten haiei eta Ipar Euskal Herriko beste zenbait pertsonari. 22 ekintza armatu egotzi zizkioten komandoari, 48 hildako eraginez.

Epaiketa 1997an egin zen Parisen. Haranburu, Esnal eta Ion Parotez gain Bixente García, Filipe Saez eta Panpi Erremundegi ere epaitu zituzten. Defentsak Unai Parot lekuko gisa deklaratzea eskatu zuen, haren testigantza izanik akusazioen oinarria. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Tribunalak bizi osorako espetxe zigorra ezarri zien Esnal, Haranburu eta Ion Paroti. Beste hiru euskal herritarrak libre geratu ziren epaiketa ostean.

30 urte igaro dira lau lapurtarrak espetxeratu zituztenetik. Azken urteetan indar handia hartu du Ipar Euskal Herrian haiek askatzearen aldeko aldarriak.