Euskal Herriko hainbat gizarte-mugimenduk sortutako Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak bultzatu du ekimena. Palestinako herriari laguntzeko eta lurralde erantzukizunak hartzeko egindako mozioan, Hego Euskal Herriko dozenaka udalek konpromisoak hartu dituzte.
Hego Euskal Herriko 30 udalek onartu dute Israelekin harremanak etetearen aldeko mozioa. Mozio honen bitartez, Palestinako herriari laguntzeko eta lurralde erantzukizunak hartzeko konpromisoa hartu dute. Bultzatzaile nagusia hainbat gizarte-mugimenduk sortutako Palestinarekiko Erantzukizuna Plataforma izan da. Gizarte-mugimenduek plataforma honen sorrera “sarraskia eta bidegabekeria geldiarazi ezin izan duten nazioarteko erakundeen eraginkortasunik ezaren aurrean premiazkoa” dela nabarmendu dute.
Mozioa onartu duten 30 udalerriak hauek dira: Agurain, Aiara, Aramaio, Arantzazu, Areatza, Aretxabaleta, Arrigorriaga, Artziniega, Aulesti, Asparrena, Bergara, Dima, Donemiliaga, Alegria-Dulantzi, Erriberagoiti, Eskoriatza, Igorre, Iruraitz-Gauna, Kanpezu, Legutio, Lemoa, Munitibar, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Orereta, Tolosa, Trapagaran, Urkabustaitz, Zaldibia, Zalduondo, Zeanuri, Zeberio eta Zuia. Mozio onartu ez duten bost udalak Artea, Barakaldo, Irun, Urduña eta Gasteiz izan dira.
Udalek mozio hau onartuta Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak zehaztutako konpromiso zehatz hauek onartu dituzte: egiturazko arrazoia okupazio koloniala eta apartheida direla salatzea, noranzko biko enbargo militarra eskatzea eta Sionismoarekiko lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak etetea, Israelgo gobernuaren eta bere arduradunen aurkako zehapen-programa bat hastea eta harreman diplomatikoak etetea nazioarteko zuzenbidea bete arte, eta Israelgo gobernuarekiko harreman instituzional guztiak etetea, behin betiko su-eten iraunkorra izan arte, giza eskubideak bermatu arte eta nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte.
Guztira 46 mugimendu, elkarte, sare, sindikatu, asanblada, talde feminista eta espaziok lagundu dute prozesuan eta Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak eskerrak eman dizkie denei.