Proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzeko programa abian da bigarren urtez jarraian. Iaz 20 proiektu baino gehiago bultzatu zituen eta ostegunean eginiko aurkezpenean aurreikusi zutenez, aurten 30 proiektu inguru sustatzea espero dute.
Antolatzaile sare handi bat dago Kooperatiba Fabrikaren atzean. Arianne Kareaga Lanki Ikertegiko Teknikaria kideetako bat da eta, Info7 Irratian esan duenez, ekimen ekonomiko kolektiboko egitasmoak bultzatzea du xede KoopFabrikak. Horretarako, formaziorako baliabideak nahiz praktikarako tresnak eskaintzen dituzte. “Aste santura bitartean formazio teorikoan zentratuko gara. Ekonomia sozialaren nondik norakoak azaltzera, besteak beste. Ondore, ekaina bitartean, tutoretza praktikoak emango dizkiegu interesatuei”.
Gipuzkoako lau eskualdetan kokatzen dute ekimena: Bidasoan, Oarsoaldean, Beterri Burruntzan eta Debagoienan. Tokian tokiko eragileek osatzen duten sarea dela nabarmendu du Kareagak.
Kooperatiban interesatuta daudenen profila anitza dela adierazi du Kareagak: “ekonomia sozialean interesatuta dauden norbanakotik hasi eta jada proiektu bat garatzeko egitura kooperatibo baten faltan daudenak dira gugana jotzen dutenak. Badira baita jada jardun luzea daramaten enpresak baina kooperatiba hurbildu nahi dutenak ere”. Bakoitzak bere interesak izanik ere, kezkak orokorrak izaten dira: jardueraren dibertsifikazioa nola kudeatu, gestio ekonomikoa, kooperatiben abantailak… Formatzen joan ahala kezkak lausotzen joaten direla nabarmendu du Kareagak.
Proiektuei dagokienez, ekimen komunikatiboak, elikadura burujabetza ardatz duten kooperatibak edo abokatuen elkarteak sortu zituzten iaz. Aurten ere bide horretatik jarraitzea espero dute.