COVID-19ak ostalaritzan eragindako ondorioei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euro zuzenduko ditu sektorera. Azaroaren 7an egindako protesten ostean, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eman du laguntza-programaren berri.
30 milioi euroko aparteko laguntza programa berria onartu du Jaurlaritzak, aurrekoarekin bateragarria izango dena. Hurtadok azpimarratu duenez, laguntzen programa berri hau premiazkoa da eta beren beregi horretan jardungo duen kudeaketa talde bat sortuko dute gutxienez 20 teknikari bilduko dituena esklusiboki laguntza hauen kudeaketara. Helburu nagusia enpresa txikiei "eustea" dela gehitu du.
Diru-poltsaren zatirik handiena, 25 milioi euro, Ekonomia eta Ogasun Sailak jarriko du, eta gainerako bost milioiak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude laguntzak. Guztira, 12.219 establezimendu dira EAEko ostalaritza sektorea osatzen dutenak, horietatik erdiak baino gehiago langile bat edo bi besterik ez dituztenak (8.297); beste 3.224 daude eta lau eta hamar enplegaturen artean eta 698k hamar langile baino gehiagoko plantillak dituzte.
Horregatik, baldintzak eta jaso beharreko ditu laguntzak, langile kopuruaren arabera sailkatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Hiru langile baino gutxiago dituzten establezimenduek 3.000na euroko laguntza jasoko dute, 4-10 langilekoek 3.500na euro, eta hamar baino gehiago dituztenek 4.000. Eusko Jaurlaritzak baldintza batekin emango ditu laguntzak: establezimenduei gutxienez lau hilabetez eutsi beharko diote COVID-19a dela-eta ezarritako murrizketak kentzen diren momentutik eta irekitzea zilegi den unetik. Ostegun honetatik aurrera eskatu ahalko dira diru-laguntza berezi hauek Jaurlaritzak iragarri duenez.