argia.eus
INPRIMATU
30 lagun baino gehiago hil dira asteazken gauean Mediterraneoan, txalupa urperatuta
  • Libiako kostaldetik abiatu den ontzia olatu batek jo du eta 200 pertsona uretara erori dira. 34 lagun hil dira, horietatik hamar bat haurrak. Italiarantz zihoazen 1.700 pertsona baino gehiago erreskatatu dituzte.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 25
Erreskatearen uneak (Arg.: @cmcgrath_photo)

500 iheslari inguru zeramatzan ontzi bat Zuaratik atera da, Italiarako bidean. Libiako kostaldetik 50 metrora eskoratu da eta 200 lagun inguru uretara erori dira, erreskatea koordinatu duten kostazainek azaldu dutenez. MOAS Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta itsasozainek bizirik atera diren pertsonak sorotsi dituzte eta 34 hilotz berreskuratu dituzte. Desagertutakoak eta gorpuak bilatzeko lanek jarraitzen dute.

Hondoratutako ontziaz gain, azken orduetan Italiako kostalderantz zihoazen 1.700 pertsona inguru sorotsi dituztela jakinarazi dute kostazainek. Hamar operazio egin dituzte.

MOASeko boluntario batek Twitter bidez zabaldu duen argazkian honakoa idatzi du: “Ez da beldurrezko film bat… Europako ateetan gaur gertatzen ari den tragedia erreala da”.

Libiakoa munduan gehien erabiltzen den itsasbidea da, baita arriskutsuena ere. Aurten 59.135 pertsona iritsi dira Europara Mediterraneotik, eta horietatik 50.039 Italiako kostaldera iritsi dira, iaz baino %46,16 gehiago.