argia.eus
INPRIMATU
30 Herri Urrats txiki antolatu dituzte asteburuan
  • Aurten ere ezin izan da Herri Urrats ospatu eta ondorioz, Ipar Euskal Herriko 30 ikastolek ekimenak egin dituzte haien eskoletan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 10
Argazkia: Herri Urrats

Osasun egoera dela eta beste urtebetez ezin izan da Ipar Euskal Herriko eskolen jaia ospatu. 30 herritako ikastolek hainbat ekimen antolatu dituzte egunerako. Ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatu du eta herritarrak plazetara atera dira. Berriak jaso duenez, janaria, edaria eta jantzi postuak egon dira, hainbat herritan bazkariak ere antolatu dituzte. 

Ikastoletako ordezkariek agerraldi ofiziala egin dute. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria eta Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsia izan dira besteak beste agerraldi horretan. Herri Urratsik gabeko urteen ondorioz, galera ekonomikoak dituztela adierazi dute eta ikastolek irauteko behar dutena “elkartasuna” dela. Boga kanpaina abiatu dute 300.000 euro biltzeko asmoarekin, Seaskak bosgarren kolegioa abian jarri nahi du. Horretarako finantzaketaren %20 du lortua. 20 eta 2.000 euro arteko ekarpenak egiteko aukera dago ondoko webgunean: boga.herriurrats.eus

 

Kanaldudek zuzeneko emanaldia egin zuen hainbat herritatik Herri Urrats txikien berri emateko asmoz.