argia.eus
INPRIMATU
30 eurodiputatuk glifosatoaren baimena ez luzatzeko eskatu dute
  • Europako Parlamentuko 30 legebiltzarkidek glifosato pestizida salerosteko baimena ez luzatzeko eskatu diote Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 28a

Glifosatoaren baimena eten dezala exijitu diote, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agentziak (EFSA) eta Substantzia eta Nahasketa Kimikoen Europar Agentziak (ECHA) kantzerigenoa ez dela guztiz ziurtatu arte. Agentzia biek esan dute ez duela eraginik osasunerako.

Alderdi Berdeko eurodiputatuek azaldu dutenez, AEBetako justiziak Monsanto multinazionalaren dokumentu batzuk zabaldu ditu, eta horietan argi geratu da konpainiak glifosatoaren eraginei buruzko ikerketak ezkutatu dituela. Monsantok merkaturatu zuen glifosatoa 1974an.

Hortaz, eurodiputatuek osasunaren eta ingurugiroaren babesa ziurtatzeko beharrezkoak diren “larritasun neurriak” hartzea eskatu diote Junckeri, baita nekazaritza sektorea behar bezala babesteko neurriak hartzea ere.

Pestiziden inguruko ebaluazio zientifikoak modu independentean egiten direla baieztatu dezala exijitu diote Bruselari, eta Europako Batzordeko komisioei debekatu diezaiela Monsantoren presio-taldeekin kontaktuak izatea.

Glifosatoaren inguruko ika-mika zientifikoak

Iazko ekainean agortu zen EBn glifosatoa salerosteko baimena eta Europako Batzordeak baimena hamabost urtez luzatzeko proposamena egin zuen. Orduan, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) esan zuen pestizida seguruenik kantzerigenoa zela, eta Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak, ordea, guztiz segurua zela. Batzordeak jakinarazi zuen ez zuela erabakirik hartuko eztabaida zientifikoa amaitu arte.

Iragan astean, Substantzia eta Nahasketa Kimikoen Europar Agentziak ondorioztatu zuen glifosatoa ez dela ez kantzerigenoa, ez toxikoa. Txostenaren emaitzak ofizialki argitaratzen direnean Europar Batzordeak behin betiko erabakia hartu beharko du, sei hilabeteko epean.