Hala dio Behe Bandaren Omen 2. aleko editorialak: “Jarraipena da Omen honen minimoa, zerbait esateko kuota irabaztea maximoa”. Irabazi dugu aldiro zerbait esateko kuota, orain, zuenak egin du. Edo gureak. Zutabeak manifestatu ditugu zerbait esateko edukiko dutelakoan. Eskatutakoa lortu dugu bai, baina orain zer esan? Agian nahiago genuke gure web orriaren lau hormen barruan ezkutatu. Interneteko zuloan beste orrialde bat hemen. Jada zatiezinak diren bi munduak, zibernetikoa eta erreala, ezin dira bata bestearen ihesbide izan. Beraz, mundu bakarrari aurre egitea dagokigu.
Honako irizpideak eman dizkigute: Zutabe bat, biribil eta luzea, edo ertz zorrozduna baina azken finean zutabea. “2500-4000 karaktere”, noizbait idatzi ditugun berak baina zenbatuta eta lupaz neurtuta. “Ez idatzi poesiarik, salbuespenezko kasu bat ez bada, ulertu behar zaizue-eta”. Finean, ARGIAren minimoa, epeak betetzea, nolabaiteko ulergarritasunez idaztea (kostatuko da) eta, noski, euskaraz; maximoa, gainontzeko euskal komunikabideei literatur talentu gazte berria lapurtzea, gu industry plant berria.
Gaur egungo gazte sufrituok, salduta dagoen munduan erosi besterik ez dugu. Baina guk nahiago mundua aldatu hura suntsitu baino
Tira, azken hori gezurra da. Udarako lanik ezin aurkitu, InfoJobs-en “escritor a tiempo parcial” bilatu eta bost poltsiko ere betetzen ez dituen soldata tartean. Lortu dugu 20 urte bete berri dituen edozein gaztek nahi lukeen hori, nahi duzuna esan ahal izatea eta zure gauzak esateaz lan egitea: tratu nahiko ona. Kuota bat bosten artean ez da kuota bat, kuota baten bostena da, baina hori ere nahikoa guretzat.
Inork ez gaitu gu bostok kontratupean elkartu, pistola batekin destatuz behartu, komenentziazko deirik jaso ere ez: gu bakarrik geunden eta gu aukeratu gaituzte.
Ez dago izen nabarmenik hemendik, ezta aurpegia jarriko dion borobiltxorik ere. Ordu txikitako meet dei batean aho batez erabakitakoak artikulu, ez baitakigu bestela egiten. Testuan azpimarratutako adostasun eta desadostasunak ikergai, mugak aztertu eta haratago ere arakatzea bada nahikoa erronka. Bost eskuk idatzitako testuotan boz bakarrez mintzatzea, bost hori ere posible ez denean. Astero frogatuko duzu (edo ez), irakurle.
Ez da izango almazen batean ahaztuta hilko den liburua. Gaur egungo gazte sufrituok, salduta dagoen munduan erosi besterik ez dugu. Baina guk nahiago mundua aldatu hura suntsitu baino. Eginbeharra, ez da inoiz gehiegi aldatu, egiteko prest dagoena baizik.
“Zerbait esateko edukitzea ez da zaila, ongi kontatzea berriz, bai”, eta zeresana ematea ere bai. Zutabeak jada pisurik jasan ez eta apaingarrirako soilik balio digunean, kalera. Karaktereak betetzearren gauzak esateagatik esatean, orduan dimitituko dugu.