argia.eus
INPRIMATU
Hiru urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko 200 euroko diru-laguntza eskainiko du Jaurlaritzak
  • EAEko demografiaren beheranzko joera aldatu asmoz 2030erako estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Estrategiaren baitako ekimenen artetik azpimarratutakoen artean, seme-alaba bakoitzeko hilabeteroko 200 euroko diru-laguntza aipatu du lehendakariak. 2023an pasako da indarrean egotera.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 19a
Donald Trung Quoc Don

Asteazkenean demografiari buruzko Osoko Bilkura monografikoa egin zuten Eusko Legebiltzarrean, hamarkada batez indarrean egongo den Estrategia Demografikoa hizpide. Iñigo Urkullu lehendakariak egin zuen EAEko egoera demografikoaren analisia, ondorioztatuz ez dela ona. Mahai gaineratu zenez, jaiotza tasaren beherakadak, amatasunaren adinaren atzeratzeak, emantzipazio berantiarrak eta bizi-itxaropenaren areagotzeak biztanleriaren zahartzea ekarri ditu.

Egoera horren aurrean, eta "erronka demografikoak" esku-hartu beharra adierazten duela iritzirik, Eusko Jaurlaritzak bost ardatz nagusi dituen estrategia proposatu du 2030rako. Ardatz horiek gazteen emantzipazioa, familia-proiektuen eraikuntza, adinekoen bizitza autonomo eta osoa, migrazio-gizarteratzea, eta landa-eremuen balioa handitzea lirateke.

Demografiaren joera-aldaketa bultzatu eta gorako bidea ahalbidetzeko egituratu behar diren ekimenak aurkeztu zituen Urkulluk, lau azpimarratuz. Horien artean legoke seme-alaba bakoitzarengatik hilabeteroko 200 euroko diru-laguntza: urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoek izango dute laguntza eskatzeko aukera, eta haurrak hiru urte bete arte iraungo du. Laguntza hori 2023an indarrean jartzea aurreikusten da. Diru-laguntza bateragarria izango da kenkari fiskalekin, eta baita Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak seme-alabak izateagatik ematen duen diru-laguntzarekin ere.

Azpimarratutako gainontzeko ekimenak ondokoak dira: ekintzailetza, prestakuntza edota etxebizitza proiektuetarako gazteentzako laguntza programak martxan jartzea; Haurreskolen Partzuergoa indartzea 0-2 urte arteko etapak doakotasuna bermatuz; eta ikuspegi demografikoa txertatzea arauetan, estrategietan, planetan edo inbertsio-programetan.