argia.eus
INPRIMATU
3 urteko ikasleari Beskoitzeko ikastolan bazkaltzeko baimena ukatu dio udalak, lekurik ez dagoela argudiatuta
  • Beskoitzeko ikastola txiki geratu dela, baina zentroa handitzeari Herriko Etxeak oztopoak jartzen dizkiola aspalditik salatzen du ikastetxeak. Gatazka honen erdian, Herriko Etxeak deliberatu du 3 urteko umeak ezin duela ikastolako kantinan bazkaldu. Protesta deitu dute astearte honetarako.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 17a
Beskoitzeko ikastolak aspaldi darama salatzen ikastetxea garatzeko eskaerari oztopoak jartzen dizkiola Herriko Etxeak. Argazkia: Iparraldearen Orena

“Badira urteak eta urteak ikastolaren garapenari oztopoak jartzen dizkiola Herriko Etxeak”, esana du ikastetxeak, gehituta Seaskak mahai gainean jarritako proposamen guztiak gibelera bota dituela. Tentsio giro honen azken konfrontazioa otordurako eskubidearen bueltan izan dute ikastolak eta Herriko Etxeak. Kazeta.eus-en kontatu dutenez, ikasturte honetarako Seaskak 54 haurren izena eman zuen kantinarako, urtarrilean ikasle bat gehiago gehi zitekeela aurreikusiz. Hala izan da azkenean, baina 55. haur horrentzako lekurik ez dela erantzun du Fabienne Ayensa herriko auzapezak, eta proposatu du 3 urteko umeak eskola publikoko haurrekin bazkaldu dezala. Alegia, ezagutzen ez dituen beste haur eta zaintzaile batzuekin, eta bere ikaskideek baino ordubete beranduago.

Gurasoak kexu dira, iritzi baitiote erabakia ez dela pragmatikoa izan, politikoa baizik.

Beskoitzeko ikastolak Kazeta.eus-en azaldu duenaren arabera, duela astebete hiru hautetsi kantinara gerturatu ziren, haurrak zenbatzera, galderak egitera eta 3 urteko haur hori ote zegoen begiratzera.

Astearte arratsalde honetan, 18:00etan, elkarretaratzea deitu dute Beskoitzeko plazan, “Herriko Etxeak erabiltzen dituen manerak eta metodoak salatzeko”.