argia.eus
INPRIMATU
3 urte bete dituen Irati espetxetik atera eta bere gurasoengandik banandu dute
  • Madrilen preso dauden Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal preso politikoen alaba da Irati. Iratiren gurasoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eskatu du Sarek.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 08a
Irati Gurasoekin Euskal herrira ekimenaren ekitaldi bat. Argazkia: @IratiGurasoekin.

Aranjuezen (Madril) daude preso Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain. Astelehen goizean aurrez aurreko familiarra egin ostean irten da beren alaba Irati espetxetik. Bilbon biziko da aitita eta amamarekin. “Etxerako bidean da Irati. Familia banatu bat eta motxiladun ume bat gehiago. Gure besarkadarik beroena gurasoei eta familia osoari”, zabaldu du mezua Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimen herritarrak.

Irati eta bere gurasoak bizitzen ari direna ez dela ezohikoa adierazi du Sarek prentsa ohar bidez. Berez traumatikoa den bat-bateko banaketa testuinguruak are mingarriago bilakatu dezakeela gaineratu du, COVID-19a dela -eta bisitak “kontaktu gabeak eta murriztuak” direlako egun. Min horiek arintzea borondate kontua da, Sareren esanetan. Iratiren guraso Etxebarria eta Zapirarin Euskal Herriratzea eskatu du, eta familientzako moduluak eraikitzea, “euren eskubidea den gurasotasuna modu ahalik eta egokienean garatu ahal izateko”.

Deitu daitezkeen mobilizazioetara adi egoteko eskatu die Sarek herritarrei eta eragileei. “Guztion ardura da haur eta nerabe hauek bizi duten egoera injustua aldatzea eta gurasoekiko harremana garatu ahal izateko beharrezkoak diren neurri eta tresnak ahalbidetzea”