argia.eus
INPRIMATU
3 milioi ordainduta, “Egin”-en zorrari aurre egitea lortu du “Gara”-k
  • Sei hilero milioi erdi euro ordaindu behar izan ditu Gara egunkariak, Garzónen aginduz Egin itxi ostean herentzian jaso zuten 3 milioiko zorrari aurre egiteko. “Jasaten zaila den zigorra” izan dela aitortu du Iñaki Soto egunkariko zuzendariak, eta prentsa askatasunean eta pluralitatean sinesten duen jendeari eskerrak eman dizkio.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 26a
Gara

Soto zuzendariak nabarmendu du zigorra are zailagoa izan dela “pandemia garaian eta instituzioen babesik gabe”. Baina zorra kitatuta, gainetik kendu dute “hogei urtez izan dugun mehatxua, hedabide hau suntsitu zezakeen zamaren mehatxua”. Arrazoi politikoengatik egunkaria ixteko mehatxuari aurre egin diotela eta euskal gizartearentzat albiste positiboa dela dio zuzendariak, “gure irakurle eta komunitatetik harago”.

Gazi-gozo

Zaila eta bidegabea den hori lortuta, sentsazioa arraroa dela azpimarratu du Sotok: harrotasuna bai, baina inpotentzia ere bai. “Ez genuen zertan egin, baina behartu gaituzte, sarri pentsatuz ez genuela lortuko. Horregatik, lortu izana harrotzeko modukoa da, baina aldi berean diskriminazioak eta bidegabekeriak amorratzen gaituzte”.

Baltasar Garzón epailearen aginduz, 1998an itxi zuten Egin, eta une hartan Gizarte Segurantzarekin zuen zor bidegabearekin zamatu dute Gara ordutik.