argia.eus
INPRIMATU
3 milioi euro gehiago jasoko dituzte herri ekimeneko hedabideek erakundeetatik
  • Dirulaguntza eredu berria adostu dute Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru foru aldundiek eta herri ekimeneko hedabideen Hekimen elkarteak. Itunak 2019-2021 urteetarako balio du.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 04a
Erakunde publikoetako eta hedabideetako ordezkariek gaur eman dute dirulaguntza eredu berriaren albistea. Argazkia: irekia.eus.

Eusko Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu datozen hiru urteetan. Jaurlaritzak hedabide nazionalak, irratiak eta telebistak babestuko ditu eta diru zati bat hiru foru aldundiei emango die. Foru Aldundiek berriz, tokiko aldizkariak babestuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek guztira 10,5 milioi euroko dirulaguntza emango dute, orain arte baino 3,1 milioi euro gehiago, %61eko igoera da.

2017 hasieran, legealdi berriarekin batera, hasi ziren Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hekimen elkartearen arteko bilkurak. Eredu berria adostu dutenean Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute. Eredu berriaren arabera, hedabide bakoitzari jardunaren %30 finantzatuko zaio.

“Berria” egunkaria deialdi horretatik kanpo geratu da eta itun berezia adostu du Jaurlaritzarekin. Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburuak adierazi duenez, “Berria egunkari nazional bakarra da eta ezaugarri bereziak ditu”. Hala, 2019an 2,3 milioi euro jasoko ditu, eta beste hainbeste 2020an eta 2021ean.