argia.eus
INPRIMATU
3 jende heriotza gehiago EAEn: COVID-19ak denetara orain arte Euskal Herrian 2.099, milioiko 662
  • EAEn atzo 3 heriotza gehiago kontabilizatu ziren, denetara 1.574 osatu arte. Euskal Herrian bere osotasunean hartuta milioiko 662 pertsona hil ditu pandemia honek: euskaldunok estatu independentea bageneuka, une honetan munduko hirugarren herrialde kaltetuena ginateke, San Marino eta Belgikaren ostean.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 04a

Aste betean Nafarroan ez da pertsona bakar bat hil koronabirusaren eraginez; aldiz, EAEn 33 heriotza eragin ditu COVID-19ak. Azkenean, astearen hasieran 2.066 heriotza zeramatzan kontabilizaturik Euskal Herriak eta amaieran hilak 2.099 dira.

Eusko Jaurlaritzak zabaldu dutenez, azken egunean Euskadiko Autonomia Erkidegoan 3 pertsona gehiago hil dira koronabirusez. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hemen ez da inor gehiago hil. Beraz, Euskal Herrian ekainaren 7a arte 2.099 pertsona hil ditu COVID-19ak, 1.574 EAEn, 515 Nafarroan eta 10 Iparraldean.

Euskal herritarrok azken estatistiken arabera 3,17 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 662. Euskal Herria independentea balitz, munduko herrialdeen artean milioiko heriotza gehien eduki dituztenen zerrenda honela osatuko litzateke: 1. San Marino 1.238, 2. Belgika 826, 3. Euskal Herria 655, 4. Andorra 660, 5. Erresuma Batua 593, 6. Espainia 580, 7. Italia 559, 8. Suedia 460, 9. Frantzia 446...

Eusko Jaurlaritzak EAE osoko datuak bai baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hildakoen kopururik ez du ematen maiatzaren 14tik eta gaur ere informazio hau ez du erakutsi.