argia.eus
INPRIMATU
2x1 eskaintza Hego Afrikan: “Ehizatu lehoi bat eta eme bat akabatu opari”
  • Merkatu eta dendetan objektuekin egiten den gisan, animaliak hiltzen ere eskaintza bereziak egiten dituzte. Afrikan animaliak ehizatzeko enpresa batek lehoietan 2x1 eskaintzen du. Azken urteotan lehoien kopuruak izugarri behera egin badu ere, plazerez hiltzea legezkoa da.

Axier Lopez @axierL 2019ko urriaren 09a
Argazkia: Mkulu African Hunting Safaris

Mkulu African Hunting Safaris da enpresaren izena. Hego Afrikan du egoitza. Han eta Zimbabwen eskaintzen ditu askotariko animaliak plazerrez hiltzen laguntzeko zerbitzuak. Ehiza-hornitzaile gisa definitzen du bere burua. "Denboraldi amaierako merkealdiak" egiten dituzte, eta tartean, lehoietan 2x1 eskaintzen dute: lehoi arra hil eta eme bat opari.

Lehoiak bost kategoriatan sailkatzen dituzte. Lehoia zenbat eta handiagoa, zaharragoa eta ikusgarriagoa izan, orduan eta garestiagoa da haren burua. Laugarren kategoriako bat hiltzea 29.750 dolarretan dago. Ohikoena erriflez akabatzea da, baina arkuz ere egiteko aukera ematen dute. Eta zerbitzu hori ondorengo pertsonentzat bereziki egokia dela zehazten dute webgunean: eztei-bidaiak, aita eta semea eta golfean aritu ostean ehizatu nahi dutenak, besteak beste.

Webgunean animalia bakoitza hiltzea zenbatean saltzen duten oso zehatz erakusten dute. Adibidez, orain bufalo bat akabatzea 12.000 dolarretan dago, elefante bat 40.000 dolarretik aurrera, jirafak 2.950ean saltzen dituzte, ostrukak 550 balio du eta lehoi emea, solte erosiz gero, 7.750. Errinozero beltza unean uneko "eskuragarritasunaren" arabera. Harategian bezala.

 

 

%40 behera

Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, Afrikako lehoien kopurua ia erdira jaitsi da azken 20 urteetan: %40 gutxiago dira. 20.000 inguru geratzen dira kontinente osoan eta garai batean lehoiak zeuden lurraldeen %8an baino ez dira bizi gaur egun. Ehizak (legezkoa eta legez kanpokoa), gerrek eta lurren ustiaketa masiboak eraginda, nagusiki.