“Badakigu iritzi kontrajarriak daudela, baina beti adierazi dugun bezala gobernu-programan dagoen egitasmo bat da”, adierazi du Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak astearteko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Jaurlaritzak “kolaborazioa, akordioa eta elkarrizketaren bideari” ekingo diola gehitu du.
Asteartero legez, Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluko bilera egin du, eta ostean prentsaurrekoa eman du María Ubarretxena bozeramaileak. Kazetari batek Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz galdetu dio. Hauek izan dira hitzez hitz galdera eta erantzuna:
"-Urdaibaiko Guggenheim dela eta, asteburuan manifestazio handia izan zen Gernikan. Jaurlaritzak esan zuen entzuteko prozesua zabalduko zuela, hori ikusita era hor entzundakoa entzunda, gogoeta berezirik egin duzue edo mahaigainean jarri duzue gaia?
- Bai, egia da manifestaldi batzuk egon zirela, badakigu iritzi kontrajarriak daudela, baina beti adierazi dugun bezala gobernu-programan dagoen egitasmo bat da. Ez da bakarrik museo bat, askoz gehiago da; bailara baten bizi berritasunari buruz dagoen proiektu bat da. Esan bezala entzute aktiboa jarriko dugu martxan eta prozesu bat egongo da. Beti esaten dugun bezala, etorkizunerako eta herri honentzako epe luzerako proiektuen gainean kolaborazioa, akordioa eta elkarrizketaren bidea izango da gurea".
Urriaren 19an milaka pertsona bildu ziren Gernikan Urdaibai Biosfera Erreserban Eusko Jaurlaritzak egin nahi duen Guggenheim proiektua geldi dezaten eskatzeko. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deitutako manifestazioan “proiektua bideragarri bihurtzeko egiten ari diren urrats administratibo eta ekonomikoak gelditzeko” galdegin zuten. Plataformak adierazi zuenez, “Busturialdea eskualderako irtenbide bakartzat aurkeztu dute museoa”, eta makroproiektua ekimen pribatua dela salatu zuen.
Biosfera erreserba baten “erdi-erdian turismo masifikatua bultzatzen duen makroproiektua” ezarri nahi dutela salatu zuen plataformak. Honela, ingurumen azterketarik ez dela egin salatu zuen, eta eskualdearen etorkizuna bertako herritarrek erabaki nahi dutela aldarrikatu. Jaurlaritzari kritika egin zioten aurrekontu publikoa “gutxi batzuen probetxurako” eta “ingurumena suntsitzeko” baliatzeagatik.