argia.eus
INPRIMATU
29.300 euroko isun eta gastuei aurre egin beharko diete Loiolako harresian atxilotu zituzten bi gazteek
  • Esteban Orbegozo eta Beñat Hach Embarek zigortzea erabaki du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, ertzain bat zauritu izana leporatuta. Dirua biltzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte.

     

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko abenduaren 18a

2014ko irailaren 22an Loiolan egin zen herri harresian parte hartu zuten Esteban Orbegozok eta Beñat Hach Embarekek, beste hainbat gazterekin batera. Ertzaintzak kolpatu eta atxilotu egin zituen bi gazteak, eta erorita belaunean min hartu zuen ertzain bat zauritzea leporatu die Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak orain. 29.300 euro ordaindu beharko dituzte bi gazteek isunak eta gastuak kontuan hartuta.

Epaia eta epaiketa bera irmoki salatu dituzte bi gazteek, haien abokatuak eta Eleak-Libre mugimenduak. Abokatuak, hain justu, epaiketan izandako irregulartasunak salatu ditu. Izan ere, Donostiako Zigor Epaitegiak esan arren erantzukizun zibila ezin zela gazteen gain erori, zigorra haiei jarri die Lurralde Auzitegiak. "Horrek baieztatzen du protestan egote soilak berarekin dakarrela egon litezkeen ondorioak norbere gain hartzea; ulertezina eta juridikoki onartezina da", salatu du abokatuak.

"Jaurlaritzaren mendekua"

Eleak-Libre mugimenduak ere gogor salatu du gazteei jarritako zigorra, eta orduko hartan egindako desobedientzia ariketa txalotu du. Zigorra, berriz, Eusko Jaurlaritzaren mendeku gisa ikusi du eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak: "Desobedientzia ariketa hauen antolaketa oztopatzeko eta bertako partaideak beldurtzeko sententzia gogor bat behar zuen Jaurlaritzak eta hori lortu arte beren abokatuek ez dute amore eman. Desobedientzia ez-biolentoaren aurkako benetako mendekua izan da".

Gazteei elkartasunez hainbat ekimen egingo dituzte datozen egunetan eta kontu korronte bat ere zabaldu dute elkartasunez: ES65 3035 00068400 60022507(Laboral kutxa).

 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC lizentzia baliatuta.