Candy Hoover Bergarako etxe tresna elektrikoen eta General Cable Gasteizko energia kable hornitzaileen egoitzak itxiko dituzte. Hurrenez hurren 150 eta 143 lanpostu galduko dira.
Candy enpresa-talde italiarraren kasuan itxieraren arrazoia “galera estrukturalak” dira. Galerei aurre egiteko, Bergarako fabrika itxi eta Txinara eraman nahi dute produkzioa; gaur egun, bi egoitza dituzte bertan.
Azaroaren 12an hasiko dute enpresaren itxieraren aurreko negoziazio prozesua.
General Cable multinazional estatubatuarrak Gasteizko egoitza ixteko berriz, “bideragarritasun falta eta lehiakortasun handia” argudiatu ditu.
Enpresa iItaliarrak 173 langiletik 150 kaleratuko ditu eta General Cable mutilnazionalak langile guztiak: 143 pertsona.
Langileak itxieraren aurka
Candy Hooverreko enpresa batzordeak ziurtatu du “Bergarako fabrika bideragarria dela eta etorkizuna duela”. Haien ustez produkzioa Txinara eraman nahi izatearen arrazoia, “bideragarritasuna” da: “Deslokalizazio eta prekarietate kasu argia da hau, norbaitek bere irabaziak mantentzeko egina”.
Candyko langileek esan dute, Bergaran produzitzen jarraitu nahi dutela. “Arazo hau ez da lanpostua galduko duten 150 pertsonena bakarrik, Bergarako eta inguruko herritarren arazoa ere bada”.
Egoeraren aurrean ESK, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek langileak bildu eta kontzentrazioa egin zuten ostegunean Bergarako instalazioetan.
Ostiral arratsaldean manifestazioa egingo dute Bergarako plazatik hasita.
General Cablek Gasteizen duen egoitzaren inguruan antzeko adierazpenak egin ditu ELA sindikatuak. Arazo ekonomikorik ez duen enpresa “bideragarria” dela esan du, eta gaineratu du, itxierak argi erakusten duela Espainiako lan erreformak “abantailak” eskaintzen dizkiela enpresei.
Gasteizen ere kontzentrazioa egin zuten ostegun goizean egoitzaren aurrean.