argia.eus
INPRIMATU
Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek
  • Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko abenduaren 19a
Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko Bilbon egindako ekintza. Ernai

Gasteizko isunak baliogabetu ditu epaileak eta Bilbokoak, berriz, 2.500etik 1.800era apaldu (aurrez ordainduz gero, 900 eurotan). Hori horrela, Ernaik dio frogatuta gelditu dela "euskal gazte antolakundearen aurkako operazioa" izan zela isuntze masibo hori.

Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egin zituzten bi ekimenetan identifikatutako 133 kideei 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak bidali zizkien Jaurlaritzak, Mozal Legea baliatuta. Orotara, isun guztiak batuta, 290.500 euro dira. "Ernai ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzea leporatu zion gazte antolakundeak Jaurlaritzari iragan maiatzaren 30ean egindako prentsaurrekoan. Eskubideen urraketa salatu zuten egun horretan: "Egoera oso larria da, eskubide zibil eta politikoetan atzerapauso izugarria dakar, Segurtasun Sailaren jarrera antidemokratikoa argi uzten duena eta Ernai ezeztatzea helburu duena. Baina argi entzun dezatela: oker zabiltzate. Hemen gaude, asko gara eta lanean jarraituko dugu".

Aurrekari garrantzitsua bada ere, kontuan izan behar da oraingoz 30 gazteren kasuak baino ez dituztela aztertu , eta beraz, beste 100 pertsona oraindik epaitu gabe dira.