Gutxi gora behera 290 disko argitaratu ziren iaz Euskal Herrian, erdia baino gehiago auto-ekoizpenak. Gureandoinu! urtekariak eman dituen datuak dira, Entzun! Eta Harrob!aLantzenek batera egin dute txostena.
2010ean osatu zen zerrenda lehenengoz eta ordutik euskal musika ekoizpenak izan duen eraldaketa ikusteko aukera eskaintzen du Gureandoinu!-k.
Ondorengoak dira, Inaxio Esnaolak eginiko analisian hauteman dituen eraldaketa nabarmenenak:
Auto-ekoizpenerantz goaz: 2013an plazaratu ziren diskoen erdia baino gehiago auto-ekoizpenak dira. Halabeharrez gehienak eta hala erabakita zenbait, baina azken urteetan banda askok diskoetxe profesionaletatik aldentzeko hautua egin dute. Esne Beltza edo Zea Mays kasu.
Erara nagusi: Erdaraz abesturiko diskoek euskarazkoak jan zituzten 2013an. Ingelesa eta espainola dira kanturako gehien erabilitako hizkuntzak, euskaraz abesten dutenen goraldia apaldu dutenak.
Uzta ona, baina urria: Azken lau urteetan lehen aldiz 300 aletik behera argitaratu dira. Dena dela, erreferentzia interesgarri asko dituzten lanak dira iazkoak, eta diskoetxeek ohi baino gehiago egin dute lan Durangoko Azokara begira.
Rocka baino gehiago: Pop musika indartuta atera zen iaz, eta skacore dantzagarriak ere goiari eutsi zion. Bakarlariei dagokienez berriz, badirudi nolabaiteko begirunea irabazi zutela iaz euskal entzuleen artean.
Digitala bidea egiten: Salmenta sobera ugaritu ez den arren talde askok egin dute ekoizpen digitalarekiko apustua. Gutxi izan ziren diskoa formatu digitalean bakarrik atera zuten taldeak, formatu ukigarrian ere (EPa, CDa, Biniloa...) ekoizten duten taldeak gehiago dira oraindik.