argia.eus
INPRIMATU
28rako manifestazioa deitu dute hizkuntza politikak bakean utz ditzatela eskatzeko
ARGIA @argia 2015eko otsailaren 13a

Esku-hartzeok ez dira gaur goizeko kontua. Alabaina, Kontseiluak eta UEMAk azpimarratu dute azkenaldian bi estatuak modu agerian ari direla Euskal Herriko hizkuntza politikak auzitara eramaten, eta euskara gutxiesteko ahaleginean.

Frantziako Gobernuak Patrick Dallennes du ordezkari Ipar Euskal Herrian, eta besteak beste, Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu zuen. Nafarroako Gobernuak Baztango Udaleko euskara planaren aurka egingo duela iragarri du.

Marka guztiak ordea, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok hautsi ditu. UEMAko kide diren 40 udalerritik gorak errekerimenduak edo helegiteak jaso dituzte hizkuntza irizpideak, erabilera planak, edo aktak direla tarteko. UEMAkoak ez dira salaketak jaso dituzten udalerri bakarrak.

Kontseiluak eta UEMAk adierazi dutenez, “erantzule nagusiak horiek badira ere erantzukizuna partekatua da. Herri honetan ardura politikoa duten guztiek dute afera honetan erantzukizun maila bat”.

Udalerri euskaldunetako udalen egoera bereziki larria da, urte luzez administrazio horiek euskara hutsean jarduteko emandako pausoetan atzera egin dezaketelako. Auzibideetan sartzeak gastu ekonomiko handia eskatzen die udalerriei (asko txikiak dira) eta lege babesa nola-halakoa da. Euskararen Legeak adibidez, ele biz egitea jasotzen du. Kontseiluak eta UEMAk hala borobildu dute afera hau: “Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz”.