Mutualitateek identifikatzen dituzte gaixotasun profesionalak, eta gero gehienak gizarte segurantzara bideratu. LABek salatu du bide horretan enpleguarekin duten lotura ezkutatu nahi izaten dutela. Europar Batasuneko lan-istripuen eta lan-gaixotasunen portaeraren datuek diotenez, lan-istripuei lotutako heriotza bakoitzeko hemezortzi heriotza gertatzen dira lan-gaixotasunek eraginda.
2.829 laneko gaixotasun identifikatu zituzten Mutualitateek 2022an EAEn, eta horietatik sei kasutan baino ez zituen ireki espedienteak Lan Ikuskaritzak. LABek aste honetan argitaratu duen txostenak biltzen ditu datuok. Sindikatuak azaldu duenez, gaixotasun profesional horiek Mutualitateek kalifikatzen dituzte lehen instantzian, eta gehienak kontingentzia arrunt bezala Osakidetzara igorri. Salatu du Lan Ikuskaritzak egiten duen jarraipena "testimoniala" baino ez dela, eta patronalari "doan atearatzen zaiola langileak lanean gaixotzea".
Lan-gaixotasunek lan-istripuek baino hildako gehiago
LABek azpimarratu du lan-gaixotasunek istripuek baino askoz ere hildako gehiago eragiten dituztela, azken horiek estatistiketan jasotzen ez diren arren. Europar Batasuneko lan-istripuen eta lan-gaixotasunen portaeraren datuek diotenez, lan-istripuei lotutako heriotza bakoitzeko hemezortzi heriotza gertatzen dira lan-gaixotasunek eraginda.
Erregistrorik ez
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratian salatu duenez, laneko gaixotasunen erregistrorik ez dago: "Mutualitateek lan handia egiten dute errealitate hori ezkutatzeko". Beraz, zaila da gaixotasunen errealitatea erakustea. Horrez gain, azaldu du iaz lanean hil zirenen %33 heriotza ez traumatikoak izan zirela, eta kasu horietan ez dela aztertzen lanak duen eragina; berdin jokatzen dute arrisku psikosozialekin ere.