Gorroto-gertakarien kopurua 2022. urtearekin alderatuta %35 txikiagoa izan zen, baina bigarren kopururik handiena da azken zortzi urteetan. Tipologiari dagokionez, lesioak (%32) eta mehatxuak (%24) nabarmendu ziren. Delituak jasan zituztenen erdia baino gehiago migratutako pertsonak izan ziren.
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gorroto Gertakariei buruzko 2023ko txostena zabaldu du, non guztira 281 gorroto-gertakari erregistratu zituzten. Gorroto delitu gehienek izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten, guztira kasuen %64 (180). Delitu horiei dagokienez, 2022. urtean gehiago izan ziren (231), baina 2023an portzentaia handiago izan da (+%23). Guztira, 2022. urtean izandako gorroto delituekin alderatuta (435), %35 gutxiago izan ziren 2023an, baina azken zortzi urteetan izandako bigarren kopururik handiena izan zen iazkoa.
Izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten gorroto delituez gain, sexu-orientazioa eta identitatearen eremuarekin zerikusia duten kasuak %16 izan ziren (45). Generoagatik eta dibertsitate funtzionalagatik egindako gorroto delituei dagokionez, bakoitzak delituen %6 izan zuen. Generoagatik egindako delituek nabarmen egin zuten behera 2022. urtearekin alderatuta (88tik hemezortzira), txostenean adierazi dutenez, “desagertu egin delako aurreko urtean horrelako gertakarien kopuru handi batek sortu zuen koiuntura-faktorea, “ziztada” bezala ezagututako gertakariak”. Sinesmen eta praktika erlijiosoei dagokionez, ez zen erregistratu gorroto deliturik 2023. urtean EAEn.
Gorroto-delituen %32 lesioak izan ziren (101) eta mehatxuak %24 (76). Biek batera, gorroto delituen erdia baino gehiago hartu zuten beste delitu-taldeekin alderatuta. Hala ere, gorroto diskurtsoek gora egin zuten iaz: %14 tipologia horretakoak izan ziren (46). Derrigortzeak –pertsonei beren borondatearen aurka zerbait egitera behartzeak– guztira delituen %13 izan ziren (41) eta tratu apalesgarriak %7 (22).
Gorroto delitu gehien Bizkaian
Bizkaian erregistratu ziren kasu guztien ia erdia (%48). Txostenean adierazi dutenez, seigarren urtez jarraian lurralde historikoetako hiriburuak nabarmendu dira gorroto delitu kasu gehienekin: Bilbon 41, Donostian 37 eta Gasteizen 25. Hiriburuez gain, Bizkaiko Barakaldo (11) eta Gipuzkoako Irun (17) izan ziren kasu gehien izan zituztenak. Gertakari gehienak bide publikoan izan ziren, kasu guztien %38 zehazki. Etxebizitzan gorroto delituen %15 izan ziren eta Internet bidez egindakoak %7. Gorroto delitu gehienak asteburuetan eman ziren 2023an (%49), maiatzean, abuztuan eta irailean.
Biktimen erdia baino gehiago, pertsona migratuak
Gorroto delituengatik inputatutako pertsonen % 65 euskal herritarrak dira. Biktimei dagokionez, guztira 305 eraso erregistratu ziren 2023an. Horien artean, biktimen %59 jatorri atzerritarrekoak izan ziren.
Gorroto-gertakarien egileen artean, %74 gizonezkoak dira eta gazte-helduak %58. Inputatuen artean, adin txikikoak %29 dira. Adin txikikoen artean, kasuen %60 arrazoi arrazistengatik erregistratu ziren eta %25 biktimaren sexu-orientazio edo identitateagatik egindako delituengatik.
Administrazio arau hausteen kopurua ere jaitsi zen 2022. urtearekiko, non hiru arau-hauste administratibo erregistratu ziren, denak irain arrazista edo xenofoboengatik eta denak futbol-zelai edo estadio batean. Futbol zelai batean izan zen 2023ko arau-hauste administratiboa, hain zuzen ere San Mamesen, 2023ko abuztuaren 27an Athletic Club eta Real Betisen aurkako norgehiagokan, non Athletic Clubeko jokalari bati irain arrazistak egin zizkioten.