argia.eus
INPRIMATU
Akusazioa erretiratu diete hamabi gazte auzipeturi
  • Izaskun Goñi, Egoi Irisarri, Endika Perez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Saioa Zibiaur, Ainara Ladron, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jazint Ramirez eta Xalbador Ramirez auzipetutako gazte independentisten kontrako akusazioak erretiratu ditu fiskalak.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko abenduaren 15
Tortura salaketek berebiziko pisua izan dute 28 gazteen auzian. (Arg: Idoia Zabaleta)

Irailaren 22an hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazte independentisten aurkako auzia, eta Naizek jaso duenez, asteazken honetan amaitu daiteke ahozko saioa.

Tortura salaketek berebiziko pisua izan dute auzian, Espainiako poliziek atxilotu zituzten auzipetu denek salatu baitituzte atxilotze aldian jasandako tratu txarrak.

Istambul Protokoloaren arabera egindako azterketa aurkeztuko dute astelehenetik aurrera defentsaren peritu-psikologoek.

TATeko (Torturaren Aurkako Taldea) eta CPDTko (Coordinadora para la Prevención y Denuncia de la Tortura) kideak behatzaile gisa izango dira epaitegian.

Naizen arabera, asteazkenean defentsaren ondorioen aurkezpena egitea espero dute, eta Espainiako Kongresuko diputatuak jardungo dira behatzaile lanetan.

Egun horretan, 28 gazteei babesa adierazteko, Euskal Herritik Madrilera joateko deia egin dute.

Kontzertuak eta mobilizazioak ere egingo dituzte auzipetuen herrietan: Iruñean ‘Kantuz Libre’ ekimena, esaterako, hilaren 26an; Gasteizen martxa herritarra dago antolatuta datorren larunbatean 18:30ean, ‘Konpromisoak batuz epaiketak gelditu!’ lemapean.