Segiko kide izatea leporatuta, hil honen bukaeran Espainiako Auzitegi Nazionalak 28 gazte epaituko ditu. Hori salatzeko, 28 gazteek eta Eleak mugimenduak, epaiketaren aurkako ekimen nazionala antolatu dute irailaren 14an 12:00etan Gernikako Astran. Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan, auziperatuei babesa adierazteko egingo den “Asteburu Laranjaren” baitan egingo da igandeko ekitaldia.
“Asko gara epaiketa hau zentzugabetzat jotzen dugunak eta horregatik adierazpen bat egitea erabaki dugu”, azaldu du Aitziber Plazaola gazte auziperatuak Iruñean egindako prentsaurrekoan. Ahalik eta jende gehienaren atxikimendua jasotzeko, elkarte eta norbanakoekin harremanetan jartzen ari direla jakinarazi du.
Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagak esan du, akusazio beragatik 40 gazte absolbituak izan ostean, orain beste 28 gazteren aurkako epaiketa ulergaitza dela. Gazteen aurkako frogak “inkomunikazioan eta torturapean” lortu zirela gogorarazi du.
“Lege injustuei” desobedientzia masiboaz erantzuteko baldintzak sortu eta gazteei elkartasuna adierazteko deia egin du Bolinagak.
Bestalde, auziperatuei babesa adierazteko, sare sozialetan ere hainbat dinamika daude martxan; tartean, auziperatuendako elkartasun argazkiak batzen ari dira.
Mila argazki baino gehiago batu dituzte jada, “28ak Libre” izenpean ekimenen berri Twitterren eta Facebooken.
Iruñeko prentsaurrekoa