Nafarroako Foruzaingoak Bigarren Hezkuntzako irakasle baten inguruko ikerketa abiatu du. Institutuko komunetan eta hainbat dendatako aldageletan emakumeak ezkutuan grabatzea leporatu diote auzipetuari.
Ikerketa duela urtebete hasi zen, 2023ko urriaren 10ean, emakume batek salatu zuenean mikrokamera batekin grabatua izan zela. Horren ondorioz, Antsoaingo Udaltzaingoak, irakaslearen etxebizitza miatu zuen, eta han hainbat gailu elektroniko eta bideo artxibo ugari aurkitu zituzten, Foruzaingoaren Delitu Informatikoen Taldeak aztertu zituen eta gaurkoz guztira 28 emakume identifikatu dituzte grabazioetan. Guztiek salaketak jarri dituzte.
Bideoetan identifikatutako 28 emakumeekin harremanetan jarri zen Foruzaingoa, irudiak erakutsi eta salaketak aurkezteko aukera eskaini zien. Gainera, institutuko nesken irudiak ere aurkitu zituzten. Adin txikikoen argazkiak adimen artifizialarekin eraldatu, eta biluzik agertzen ziren.
Irakasleak 2023-2024 ikasturtea hasia zuen Zizurko institutuan, baina bere postutik kendu zuten atxilotu ostean. Ikastetxeko zuzendaritzak, akusazioen seriotasuna medio, irakasleen klaustroarekin heldu zion egoerari. Gaur egun, irakasle ohia behin-behineko askatasunean dago kautelazko neurriekin. Kondenatua izanez gero, irakasle aritzeko baimena ukatuko zaio.