argia.eus
INPRIMATU
27 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta
  • Gertaera abuztuaren 18ko goizaldean izan zen Donostiako Alde Zaharreko kalezulo batean, Ertzaintzak adierazi duenez. Egun horretan emakume batek beste sexu-eraso bat salatu zuen Donostian, gizon batek “diskoteka baten inguruan ukituak egin zizkiola” esanez.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 26a
Donostiako Asanblada Feministak eraso matxistak salatzeko egindako elkarretaratzea. Argazkia: Irutxuloko Hitza

Donostian 27 urteko gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Gertaera abuztuaren 18ko goizaldean izan zen, eta Ertzaintzak adierazi du egun horretan bertan sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituaren berri izan ondoren, kasu horietarako protokoloa martxan jarri zutela, eta polizia-ikerketari hasiera eman ziotela.

Ertzaintzak bildutako datuen arabera, igande goizaldean emakumeari sexu-erasoa egin zioten Donostiako Alde Zaharreko kalezulo batean, eta hark gizonari bultza egin eta ihes egin ahal izan zuen. Adierazi dute emakumeari ospitale batean osasun-arreta eman ziotela.

Gizona abuztuaren 24an atxilotu dute Donostian, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute.

Egun berean beste sexu-eraso salaketa

Abuztuaren 18ko goizaldean sexu-eraso bat salatu zuten Gipuzkoako hiriburuaren erdiguneko diskoteka baten inguruan. 20 urteko gizon bat atxilotu zuten 05:10ean, “biktimak Ertzaintzari jakinarazi ondoren gizon bat oldartu zitzaiola eta diskoteka baten inguruan ukituak egin zizkiola”, Ertzaintzaren webgunean irakur daitekeenez. Sexu eraso delituaz gain, lapurreta delitua ere egotzi diote, “biktimari diru zorroa lapurtu ziolako”. Ertzain etxera eraman eta epailearen esku utzi zuten.