Topatutako arma eta gailuak ikertzen ari da Ertzaintza, erabilgarri zeuden ikusteko.
Informazio gehiago plazaratu dute hedabideek Lezamako Ezker Abertzaleko familia baten baserriaren aurka tiro egiteagatik atxilotutako polizia nazional jubilatuaren inguruan. Naiz atariaren arabera, atxilotuak -L.A.M.A- 27 arma labur eta 9 luze zituen etxean gordeta.
Hedabide horrek nabarmendu du polizia nazional ohiak tiroketa gertatu eta lau egunera jakinarazi zuela arma horiek zituela.
Ertzaintza bere etxera bertaratu zen lehen aldian -tiroketaren egunean bertan- gizonezkoak adierazi zuen arma bakarra zuela etxean: ehiza eskopeta bat, lizentziarekin. Munizioa ere erakutsi zien etxera bertaratu ziren agenteei.
Lau egun beranduago, baina, beste armen berri eman zuen. Gehienak hiru kutxa gotorretan gordeta zituen. Kutxa horietako batean Astra eta Star markako 11 pistola topatu zituzten. Hainbat pieza, 17 kargatzaile, hainbat motatako kartutxoak eta atzerapen-detonagailuak.
Zortzi errebolber eta beste lau pistola topatu zituen Ertzaintzak beste kutxa gotor batean. Hirugarren kutxa gotorrean, aldiz, hiru errebolber eta pistola bat zeuden. Star eta Cetme marketako lau subfusil ere topatu zituzten etxean barreiaturik, bi errifle, karabina bat, bi eskopeta eta 17 baioneta.
Horrez gain, 26 elementu militar ere atxiki zituen Ertzaintzak, obusak diruditenak. Laudioko komisariara eraman zituzten elementu guztiak, elementu militarrak, bolbora boteak eta detonagailuak salbu. Gailu horiek Lehergailuen Desaktibaziorako Unitatera eraman zituzten.