1798ko Atzerriko Etsaien Legea aplikatu du, Washingtoneko epaile federal baten aginduaren gainetik. Ustez Tren de Aragua "talde terorristako" kideak dira; Bukelek eskatuta, Mara Salvatruchako 23 kide salvadortar ere deportatu ditu. El Salvadorko makro-kartzelara eraman dituzte, eta gutxienez urtebete emango dute espetxeraturik.
AEBetako estatu-idazkari den Marco Rubiok igandean jakinarazi du 200 venezuelar baino gehiago El Salvadorrera deportatuko zituztela, Atzerriko Etsaien legea baliatuz. Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak makrokartzelan sartuko ditu, eta trukean, Mara Salvatruchako ustezko bi buru eta 21 kide salvadortar ere –horiek guztiak AEBek terroristatzat jotzen dituztenak– deportatzeko eskatu zion Trumpi. AEBek eskatutakoa bete dutela jakinarazi du El Salvadorreko presidenteak.
Trumpek Tren de Araguako ustezko kide horiek "munstrotzat" jo ditu, eta eskerrak eman dizkio Bukeleri eskainitako laguntzagatik. Presidenteak aurreko lehendakariaren eta migratzaile venezuelarren aurka jo du: "Hauek dira Joe Biden ustelak eta muturreko ezkerreko demokratek gure herrialdera bidali zituzten munstroak. Nola ausartzen dira!". Bukeleri eskerrak emanez "ez dugu ahaztuko!" adierazi dio, elDiariok jaso duenez.
Trump, legearen gainetik
Trumpek "kriminal" horiek deportatzeko Bigarren Mundu Gerratik aplikatu gabe egon den 1798ko Atzerriko Etsaien legea baliatu du. Legearen funtsa jakinarazi du elDiariok: "Gerra garaian, nazio etsai bateko herritarrak atxilotzea edo deportatzea ahalbidetzen du, aldez aurreko entzunaldirik gabe, eta, haren pean, 14 urtetik gorako venezuelar guztiak, baldin eta banda horretakotzat jotzen badira, AEBetan badaude eta legezko egoiliar iraunkorrak ez badira, atxilotu eta kanporatu egin behar dituzte, atzerriko etsai gisa".
Presidenteak erabakia hartu eta gutxira, Washingtoneko epaile federal den James Boasbergek, edozein migratzaileren deportazioa kautelaz blokeatzeko agindua eman zuen. Horren ostean, betoa handitu zuen, araudi horren mende egongo ziren zaintzapeko migratzaile guztiak babesteko. Horren bidez, pertsona migratzaileak deportatzea helburu zuen hegazkin oro Estatu Batuetara itzultzera behartzen zuen epaileak. Trumpen gobernuak ez du bete epailearen betoa.
Etxe Zuriak "kontzienteki" ez zuen agindua bete, hegazkina "nazioarteko uren" gainetik ari zelako eta epaia ez zelako lurralde horretan aplikatzen. Halaber, argudiatu dute Boasbergek "bere aginpidea gainditu" zuela eta "hegazkinak norabidea aldatzeko (epailearen) agindua beranduegi iritsi" zela; elDiariok hala jaso du.
Maduro, erbesteratzeen kontra
"Venezuelako migratzaileak modu zital eta bidegabean kriminalizatu dituzte AEBek", salatu du Nicolas Maduroren gobernuak. Gainera, "lege anakronikoa, giza eskubideak urratzen dituena eta legez kanpokoa", bezala kalifikatu du Venezuelak Atzerriko Etsaien legea. Era berean, ohartarazi du atxilotutako venezuelarrek AEBetara migratu zutela "bizi-alternatibak" bilatzeko eta "oparotasun ekonomikoa" izateko, AEBek Venezuelan egindako "blokeo kriminala"-k bultzatuta.