argia.eus
INPRIMATU
26 alderdi politikok hartu dituzte euskararen normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko konpromisoak
  • Positiboki baloratu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskara hauteskunde kanpaina eta instituzioetan erdigunean kokatzeko “Ez we can´t” ekimena. 31 alderdirekin egin du harreman bira Kontseiluak, eta hauetako 26k hartu dituzte euskararen normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko konpromiso zehatzak.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko maiatzaren 15
Ekimena aurkezteko prentsaurreko bat. Argazkia: Aiaraldea

"Ez we can't" lelotik "Bai we can" egoerara ailegatzeko ekimena aurkeztu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela bi hilabete. Martxoaren 25az geroztik bi dinamika jarri dituzte abian: eragile politikoekin harreman bira eta herritarrei bideratutako sinadura bilketa. Hala, hiru eskaera zehatz egin dizkiete alderdi eta plataforma independienteei: alkategai eta zinegotzi izateko aurkezten dituzten pertsonek gutxieneko euskara gaitasuna izatea, hauteskunde kanpainan euskara presente egotea eta euskararen normalizaziorako 11 neurri zehatz hartzeko proposamena.

Saraubeko mahaian aurkeztuko dute bihar lanketaren emaitza: 31 alderdirekin osatu dute harreman bira, eta 26 taldek konpromiso argiak hartu dituzte datozen lau urteetan hizkuntzaren biziberritzean aurrera egiteko. "Dinamikaren helburua eskualdeko udal hauteskundeetara aurkezten ziren alderdi eta plataforma politikoei euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatu eta euskara Aiaraldean biziberritzeko konpromiso eraginkorrak eskatzea izan da", zehaztu dute. Aitortza publikoa egiteko antolatu dute ekitaldia: "Oso balorazio positiboa egiten dugu alderdiek emandako erantzunaz, asko eskertzen dugu proposamenak aztertu, landu eta gaiaren inguruan hausnartzeko hartutako denbora eta egindako ahalegina". Interes politikoetatik harago, euskara erdigunean jartzea lortu dutelakoan daude, "ia kolore guztietako taldeek hartu dituzte Euskalgintza Kontseiluak proposatuko konpromisoak".

Legeak babestuta

Espainia zein EAE mailako legeetan oinarritu dituzte eskakizunak, hizkuntza eskubideak benetan errespeta daitezen. Horregatik, konpromiso-hartze horiek egikaritzeko “urrats atzeraezintzat” jo dute dinamika Kontseilu kideek. Izan ere, oinarrizko konpromisoak eskatu dituzte, horien gauzatzea bermatzeko neurriekin batera. Helburuetako batzuk lege-agintaldi honetan gauzatzea espero dute, eta gainontzekoak betetzeko baldintzak sortzea izango dute aurrerantzean xede, “alderdiekin gogoeta ziklo berriak konpartituz”.

Urratsen garrantzia

Hartutako konpromiso guztiak dira garrantzitsuak Kontseiluaren ustetan: “Euskararen biziberritzeak behar duen herrigintza eta instituzioen arteko bide estrategiko partekatua erdiesteko lehen harria da hau”.

Aurrera begira, elkarlana izango da, beraz, euskararen normalizaziorako lanabes inportanteena sustatzaileen iritziz.

Ekitaldia bihar

Bihar egingo dute Aiaraldean atxikitutako 26 alderdien ordezkariekin agerraldia: “Saraubeko mahaiak duen esangura politikoa gogoan izanda, konpromisoak hartu dituzten alderdiekiko aitortza publikoa egitearekin batera, Aiaraldean euskarari aro berri bati ateak ireki zaizkionaren uste sendoa dugu, bide atzeraezin baten lehen urratsak ematen ari gara”.

Albiste hau Aiaraldeak argitararatu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra