argia.eus
INPRIMATU
25.000 galiziarrek salatu dute Xuntaren hizkuntz politika
  • Azken urteotako manifestazio jendetsuena izan da igandean Queremos Galego plataformak deituta Konpostelan egindakoa. 25.000 lagunek Xuntaren hizkuntza-politika salatu eta galegoz normaltasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Galiza Contrainfo proiektuak sareratu du bideoa.

Jon Torner Zabala @jtorner 2015eko otsailaren 09a

2009an Alberto Núñez Feijoó PPko hautagaiak Xuntako agintea hartu zuenetik, gobernuak bultzatutako hizkuntza-politikaren aurka makina bat mobilizazio izan da Galizian.

Datu soziolingustikoek erakusten dute galegoaren panorama geroz eta ilunagoa dela, eta hainbat gizarte eragile eta alderdi politiko joera hori aldatzeko lanean ari dira buru-belarri.

Gazteak ez dira galegoz mintzo

Galiziako Estatistika Institutuak (IGE) iazko abenduan plazaratutako datuek erakusten dutenez, 2013an 15 urtez azpiko lau galiziarretik batek besterik ez zuen normalean galegoz hitz egiten. Are gehiago, 5 eta 14 urte arteko haur eta gazteen %22k aitortu zuen deus ere ez zekiela galegoz, Xosé Manuel Pereiro El País egunkariko kazetariak nabarmendu duenez.

IGEren datuak grafiko argigarri hauetan bildu ditu El Paísek: