argia.eus
INPRIMATU
2.500 lagun bildu dira Iruñean Nafarroa “euskaratik eta euskaraz” eraikitzea eskatzera
  • 2.500 lagun batu dira larunbatean Iruñean EHEk euskararen ofizialtasuna eta burujabetzaren alde deitutako manifestaziora.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2018ko martxoaren 26a

Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna! lelodun pankartaren atzean milaka lagun bildu ziren larunbatean Iruñean. Euskarak eta euskal hiztunek pairatzen duten “bazterketari” erantzutera atera dira kalera, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta. “Euskaldunok egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun eta herritar izatearen mugak. Nahi izanez gero, euskara aukera gisa erabili ahal izango dugu, baina lehentasunezko eta derrigorrezko hizkuntza bakarrak frantsesa eta espainiera dira. Eremu funtzional guztietan, euskara mendeko hizkuntza da, bigarren mailakoa”, esan dute Azaitz Gartzia eta Maialen Pelaez EHEko kideek.

Horregatik, manifestariek aldaketa “euskaratik eta euskaraz” egitea eskatu diote Nafarroako lauko koalizioari, eta “Euskal Herrian euskaraz”, hala “UPN, entzun, Nafarroa euskaldun” leloak haizatu dituzte, Euskal Herria berreuskalduntzea eta euskararen burujabetza helburu.

 

Bideo hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.