argia.eus
INPRIMATU
250 lagun batu dira Baionan, Patxi Ruizi elkartasuna adieraziz
  • Duela hamahiru egun hasi zuen gose eta edari greba preso politikoak, jasandako jazarpenak salatzeko eta gaur oraindik gose greban segitzen du. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egin dira protestak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 23a

Herritar multzo batek luzatu deiari erantzunez, 250 bat lagun batu dira Baionan, gose greban den Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko. Herriko etxetik abiatu, oihu ozenez karrika txikietan gaindi aitzina egin eta Espainiako Kontsulatuaren aitzinean bukatu da manifestazioa.

Bukaerako hitzartzean, argi utzi dute antolatzaileek: “Patxiren erabakia ez da hutsetik sortu: presondegi politikaren etengabeko erasoen ondorio lazgarria besterik ez da”. Ruizi eta gainerateko preso politikoei elkartasuna adieraziz bukatu da protesta.

Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Durangon ere burutu dituzte manifestazioak gaur.

Gose greban

Edari greba utzi arrean, presoak gose greban segituko du, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez. Barda 23:00ak inguru, Mulako Epaitegiak igorritako auto baten ondorioz, Patxi Virgen de la Arrixacako ospitalera eraman zuten kartzelaren eskariari jarraikiz, bere bizitza arriskuan zegoelakoan. Ospitalean 2 litro serum sartu zizkioten eta amaren bisita jaso ahal izan zuen. Murcia II-ko kartzelan da berriz. Kasu honetan erizaindegian da, kartzela kanpotik itzultzean Covid-19aren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.

Txantrearrak, kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko hasi zuen gose eta egarri greba, duela hamahiru egun.