argia.eus
INPRIMATU
250 erreklamazio aurkeztu ditu ELAk, EAEko esparru publikoko behin-behineko lanpostuen aurka
  • ELA sindikatuak jakinarazi du azken hilabetean 250 erreklamazio inguru aurkeztu dituela EAEko sektore publikoko kontratazioak direla eta. Modu horretan, Europako Justizia Auzitegiak emandako epaiak betearazi nahi dituzte.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko abenduaren 13a
ELAko zenbait kide, Osakidetzak Bilbon duen egoitzan erreklamazioak aurkezten. (Argazkia: ELA)

Sindikatuak zabaldutako datuen arabera, EAEko sektore publikoan 45.000 langile baino gehiago daude behin-behineko kontratuekin, eta zenbait arlotan behin-behinekotasun portzentajea %35era iristen da. Orain arteko erreklamazioak Osakidetzan, irakaskuntzan, autonomia-administrazioan, Lanbiden, EiTBn, Eusko Trenen eta tokiko eta foru aldundietako administrazioan ipini dituzte. Datorren hilabetean erreklamazio gehiago aurkeztuko dutela iragarri dute, gainera.    

Datu horiek “erabaki politiko baten” emaitza direla adierazi du sindikatuak prentsa ohar baten bidez. “Gure herri erakundeek, Eusko Jaurlaritza buru, prekarietatearen aldeko apustua egin dute enplegu publikoan, eta behin-behineko enpleguz betetzen dituzte egiturazko beharrizanak”.

Hain zuzen, gogorarazi dute uda ostean Europako Auzitegiak emandako epaiaren arabera zigortu egin behar dela beharrizan iraunkorretarako lanpostuak behin-behineko kontratu bidez betetzea. Bestalde, kontratua amaitutakoan ordaintzen den kalte-ordaina langile finkoentzat zein behin-behinekoentzat berdina izan behar dela ere ebatzi zuen Auzitegiak.

20.000 lanpostutik gorako galera salatu dute

ELAren esanetan, EAEko erakunde publikoen politikak azken urteotan 21.400 lanpostu galtzea eragin du. Horren aurrean, kontratazio eredua aldatu eta “kalitatezko 35.000 lanpostu egonkor” sortzeko eskaria egin dute. “Horrek eragin onuragarria izango luke euskal zerbitzu publikoen kalitatean”.

Sindikatuak dio bi aldiz eskatu duela gaiari buruzko bilera Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluarekin eta Negoziazio Mahai Nagusiarekin, besteak beste Europatik datozen epaiak betetze aldera. Eusko Jaurlaritzak organo horiei deialdia egiteko borondaterik ez duela salatu dute, ordea. Azaldu dutenez, jarrera horrek bultzatuta hasi dira erreklamazioak aurkezten.