argia.eus
INPRIMATU
25. urtez Errobiko festibala egingo dute Itsasun uztailaren 22tik 25era
  • Urtero bezala mundu zabaleko eta kultur diziplina anitzeko egitarau indartsua gozatu ahal izango da Itsasun, euskarari eta euskal kultura oinarri dela.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 20a

Otsailaren 22 arratsaldean ekingo diote Errobi festibalaren 25. aldiari eta solasaldi-kontzertu baten bidez emango diote hasiera: 25 urte sorkuntza eta topaketa artiskoetan Itsasun gaiaz arituko dira Mizel Theret, Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Gabriel Durif, Beñat Achiary, Pantxoa Etchegoin, KIMU Txalaparta…

Gauean Tunisia, Bretainia eta Libanoko musikariz osatutako Revolutionary Birds hirukotearen eskutik gozatu ahalko da kantu sufiez, perkusioaz eta kornemusaz. Jarraian, San Salvador deituriko sei laguneko koroak esku zartaz eta panderoz lagundutako "kontzertu kantatu erradikala" eskainiko du. Eta gaua amaituko dute Petite Planetes performancearekin, zeinak uztartzen dituen zinema, zuzeneko musika eta dantza.

Uztailaren 23an

Egunsentia violone bakarlariarekin hasi ahalko dute Elizaldiara inguratzen direnek. Bazkalostean solasaldi ikusgarria eskainiko dute Jean Christian Irigoyen, Jen Bonn, Itxaro Borda eta Beñat Achiaryk Nola eta zertako sorkuntza artistikoa sortzen da galderari tiraka. Arratsaldean Maddi Oihenart eta Jeremie Garatek kontzertua eskainiko dute. Ondoren Memorien bonboa gerezien denboran eskainiko dute Itxaro Bordaren olerkiak eta musika esperimentala uztartuz, Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Oihan Oliarj-Ines eta Julen Achiary elkartuta.

Ostiral gauean beste hainbat kontzertu eta dantza emanaldi izango dira: besteak beste, Kimu berriak ikuskizunarekin txalapartaren ibilbidea gogoratuko dute, Basaide dantza emanaldia Old School Funky Family-ren kontzertua.

Uztailaren 24an

Egun osoko kontzertuen artean, dantza emanaldi bi gozatu ahalko dira: Malandain Ballet Biarritzen emanaldia eta Kukai dantza taldearen Erritu.

Eguna bukatzeko, zuzeneko zinema ikuskizuna izango da, Paxkal Indoren suek argiztatuta.

Uztailaren 25ean mendi bueltarekin amaiera

Festibala naturaz inguraturik bukatzeko ohiturari jarraikiz, aurtengoan Peñas de Itsusira abiatuko dira 11:00etan Itsasuko haurtzaindegi aitzinetik.

Egitaraua osorik irakurtzeko aukera hemen, eta baita laguntzaile aritzekoa ere.