argia.eus
INPRIMATU
25 urtez 300 haur bortxatu zituela aitortu duen zirujauaren aurkako epaiketa hasi da Frantzian
  • 1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 25

Historiako pederastia kasu handienetako bat epaituko dute datozen egunetan Frantziako Vannes hirian: 74 urte dituen Joel Le Scouarnec zirujau ohiarena. Bere lanbidea baliatuta, 25 urtez, 1989tik 2014ra, 300 haur eta nerabe ingururi sexu erasoak egin dizkie, haiek anestesiaz lokartu ostean. Astelehen honetan hasi da epaiketa eta bere abokatuaren bitartez "ez die muzin egin egotzitako ardura gehienei".

Gehienez ere hogei urteko zigorra ezarri ahalko dio epaileak, izan ere, dagoeneko hamabost urteko espetxealdia ari da betetzen, duela zortzi urtetik. 2017an, sei urteko bizilagun bati sexu abusuak egitea egotzita, salaketa ipini zion haurraren familiak, eta haren eskutik etorri ziren beste hiru salaketa: lau urteko paziente ohi batena eta Le Scouarnecen bi ilobena. Epaileak frogatutzat eman zituen kasu horiek; iloben kasuan, lau eta bost urte zituztela era jarraituan egin zien eraso.

Salaketa horien harira izan zuten jendarmeek Le Scouarnecen erasoen berri. Erretiroa hartu berria zen gizona. Bere etxea miatu zuten eta 30.000 eduki digital pornografiko aurkitu zituzten. Material horretan, zirujauak berak idatzitako milaka orrialde topatu zituzten: besteak beste, pazienteak lokartu ostean egindako ukituak eta bortxaketak azaltzen zituen, haien izen-abizen, jaiotze-data eta etxeko helbidea zehaztuta. Idatzietan, bere buruaz harro zioen "sadiko eta fetitxista" zela.

Datu horiei esker heldu zen Frantziako Polizia erasoak jasandako pazienteekin harremanetan ipintzera: 314 herritarrengana iritsi ziren. Batzuk orduantxe jabetu ziren gertatutakoaz, baina beste batzuk oroitzapen lauso edota susmo txarren bat bazuten. Eta zenbaitek ondorio psikologiko larriak izan zituen. Biktimen artean bai emakumeak eta bai gizonak daude, eta batez beste 11 urte zituzten erasoak gertatu zirenean.